JANARI FRANKIZIAK

ELAk Estatuko hitzarmena baliogabetzea eskatu du, lan baldintzak kaxkartzeko sortu dela iritzita

2023/04/26
ELAk janari frankiziak biltzen dituen Estatuko azken hitzarmena bertan behera uztea eskatu du, langileen lan baldintzak are gehiago debaluatzeko tresna direla iritzita. Hitzarmenak hainbat frankiziari eragingo lieke: Burger King, McDonald (k), Vips, Foster Hollywood, Starbucks, La Tagliatella ... Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin ditu protestak, zehazki, hitzarmena aplikatu nahi duten enpresen aurrean, gaur baita ELAk eta CIG sindikatu galiziarrak hitzarmena inpugnatzeko egindako eskaeraren epaiketa. ELAk gogorarazi du estatuko hitzarmen hori 2022ko azaroan sinatu zela, eta ostalaritzako hitzarmen probintzialei izkin egin nahi diela -soldatak ia %40 handiagoak dira probintzialetan, eta enpresako hitzarmenekin alderatuta, urteko lanaldia 30-50 ordu gutxiagokoa da-, eta, horrela, soldatak ia %40 murriztu ahal izatea. ELAren ustez, sindikatu sinatzaileek (CCOO, UGT eta Fetico) jarrera “ulertezina eta lotsagarria da”. “Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak dituen ondorio kaltegarrien adibide argia da”, deitoratu du.

2021eko azken lege aldaketaren ondoren, sektoreko hitzarmenek lehentasuna dute, enpresako hitzarmenen gainetik. Hau da, estatuko hitzarmen propioak dituzten enpresetan -baldintza kaxkarragoekin-, ostalaritzako probintzietako soldata eta lan baldintzak aplikatu beharko lituzkete, baldintza hobeagoekin. Estatuko azken hitzarmenak, ordera, iruzurrez saihestu nahi du, sektorearen baldintzak debaluatu ahal izateko.

ELAk dio artifizialki sortu dutela existitzen ez den sektore bat, ostalaritzako hitzarmena ez aplikatzeko. “Ez dauka zentzurik, ez da beharrezkoa, ostalaritzak badituelako hitzarmen sektorialak”, deitoratu du. Sindikatuak gogorarazi du bere garaian ere uko egin zion negoziazio hori abian jartzeari, jakin bazekielako zein zein patronalaren helburua: lan baldintzak okertzea.