ELAk eta LABek salatu dute lan baldintzak okertzeko arriskua dakarren estatu negoziazioa hasi dela
Gaur egin da ASEDAS patronalak eta sektoreko enpresa handiek, hala nola Lidl, Dia, Mercadona Uvesco eta Coviran, besteak beste, sustatutako elikadura merkataritzako Estatuko Esparru Akordioa negoziatzeko mahaiaren bigarren bilera. Mahaia osatzen dute CCOOko 5 kidek, UGTko 4k, FETICOko 3k, ELAko 1ek, LABeko 1ek eta CIGeko 1ek.
Bilerarekin bat eginez, ELA eta LAB mobilizatu dira 4 lurraldeetan negoziazio kolektibo propioaren eta Hego Euskal Herrian urte luzez borrokaren bidez lortutako lan baldintzen aurkako erasoa dela salatzeko.
Bi sindikatuek ohartarazi dute mahai horren helburua sektoreko lan harremanak estatalizatzea dela, lurraldeko hitzarmenak edukiz hustuz eta Euskal Herrian negoziatzeko eta erabakitzeko gaitasuna ahulduz. Era berean, salatu dute Estatuko Esparru Akordioak gaur egun Hego Euskal Herriko hitzarmenek bermatzen dituzten lan eta soldata baldintzak okertzeko arriskua dakarrela.
ELAk eta LABek gogorarazi dute elikadura merkataritzako lurralde hitzarmenek soldatetan eta lan eskubideetan aurrerapauso garrantzitsuak ahalbidetu dituztela, langileen antolakuntzari eta negoziazio kolektiboari esker. Horregatik, onartezintzat jo dute Euskal Herriko errealitate sindikalari eta lan errealitateari bizkar ematen dioten negoziazio eremuak inposatzeko edozein saiakera.
Horren aurrean, berretsi dute Hego Euskal Herriko hitzarmenen defentsan, gehiengo sindikalen errespetuan eta lan baldintzak hemen negoziatu eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela. Halaber, negoziazio prozesu osoan mobilizazioei eutsiko dietela ohartarazi dute.