ELAk ez du aintzatesten Bizkaiko Lokal eta Kirol Zelaien sektorean patronalak eta gutxiengo sindikalak bultzatutako erreferenduma

2020/01/24
ELAk berretsi egiten du urtarrilaren 24an amaituko den erreferendumak ez dituela ezertan baldintzatuko sektorean jarraitu beharreko hurrengo urratsak; galdeketa sektoreko gutxiengo sindikalak abiatu du, eta helburu bakarra du: greba eta mobilizazio dinamika haustea

ELAk prentsa ohar baten bidez iragarri zuen aste hasieran onartezintzat jotzen zuela enpresek erreferendum bat sustatzea, horretarako gutxiengo sindikalaren kolaborazioaz baliatuz. Esan genuen bezala, kontsultaren helburu bakarra greba eta mobilizazio dinamika haustea izan da. Negoziazio mahaian adierazi zen bezala, ELAk erabateko balioa ematen dio urtarrilaren 20an deitu ziren asanbladetan sektoreko langileek adierazitakoari.

Asanblada horietan, langileek argi eta garbi adierazi zuten negoziazio-mahaian orain arte lortutako edukiak hobetzeko mobilizazioekin jarraitu nahi zutela: 1.200 euroko gutxieneko soldata (urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdiaren arrazoien artean dagoen aldarrikapena, hain zuzen), lanaldi partzialeko kontratuak hobetzeko neurriak, sinatutako edukiak ez aplikatzearen aurkako bermeak, edota azpikontraten erreskate kasuan langileen enplegua mantentzeko bermeak.

ELAren ustez, beraz, patronalak eskainitako edukiak hobetzeko tartea badago oraindik, eta, langileek batzarretan emandako iritziak ikusita, gaur gaurkoz ez dago sektorea desmobilizatzeko arrazoirik. Aste honetako mobilizazioen arrakastak berretsi egiten du ELAk aste hasieran adierazitakoa: sektorea grebara bultzatu zuten arrazoiak inoiz baino biziago daudela.

ELAk erakunde sindikalek gatazka batean izan behar dugun paperaz hausnartzeko gonbita egiten die gainontzeko erakundeei. Gure iritziz, gure egitekoa da guztiontzako eskubide hobeak defendatu eta konkistatzea erabakitzen duten pertsonen aldean egotea, eta sekula ez aldarrikatzea erabakitzen duenaren aurka egitea. Hori da patronalaren jarrera, baina gure iritziz ez da sindikatuei dagokien zeregina.

Beraz, ELAk, sektorean gehiengo absolutua izanik (% 54) eta eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat sinatzeko legitimazioa duen sindikatu bakarra izanik, ez dio zilegitasunik emango zentrurik zentru aste honetan egindako kontsultari. Are gutxiago, kontuan hartuta kontsulta egiteko erabilitako moduak, enpresek erabilitako presio-neurriak tarteko agintarien bidez, eta sindikatuetako kuadro batzuen jokabidea kontsulta honetan zehar, hauteskunde-iruzur kontsideratu genitzakeenak, guzti hau beraiek nahi zuten emaitza konkretua fortzatze-bidera.

ELAk sektoreko langileekiko errespetu osoa adierazi nahi du, eta bizitzen ari den egoera biziki deitoratzen du, baina, gure ustez, gure sindikatuaren misioa eta helburua patronalaren eskaintza hobetzea da eta ahalik eta hitzarmenik onena lortzea. Borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu.