Gipuzkoako kiroldegiak

ELAk ez du aurreakordioa sinatu hondartzako sorosleak kanpoan utzi dituelako eta erosahalmena galduko delako

2023/05/26
ELAk salatu du LABek, CCOOk eta BPXport patronalak lortutako aurreakordioak %8,2ko erosahalmenaren galera eragingo duela -monitoreek 150 euro gutxiago kobratuko dituzte hilero- eta sorosleak at utzi dituela. Gainera, ELAk dio patronalarentzat ez dela inongo kosturik egongo, hobekuntza guztiak ordaintzen hasiko baitira Udalak igoera horiek lizitatzen dituenean. "Beste era batera esanda, akordio hau diru publikoarekin bakarrik ordainduko da", deitoratu du. Era berean, kasu batzuetan 2027ra arte ez da indarrean jarriko. Kiroldegietako langileen eta beste kirol zentro publiko batzuen lan baldintzak arautzen dituen Titulartasun Publikoko Kiroldegi instalazioen hitzarmenerako aurreakordioa da eta lau negoziazio bileren ostean heldu da.

ELAk ziurtatu du LABek, CCOOk eta UGTk erabaki zutela, lehen bileran, Intxaurrondoko Internazionaleko, RCTSSko eta hondartzetako sorosleak (ELAko 12 ordezkari eta LABeko bat) ordezkaritzatik kanpo uztea, mahaian gehiengo osoa izateko. "Bidegabekeria larria" dela uste du, 300 langile babesgabe utzi dituelako. Horregatik, errekurtsoa jarri du EAEko Auzitegi Nagusian.