Glovo Bizkaia hauteskunde sindikalak
ELAk gehiengoa lortu du lehen enpresa batzordean
Glovo Bizkaiak asteazken honetan, uztailaren 29an, egin ditu lehen aldiz enpresa batzordea osatzeko hauteskunde sindikalak. ELAk sustatutako prozesuaren ondorioz, lehen aldiz eratu da langileen ordezkaritza organoa enpresan. Sindikatuak 13 ordezkarietatik 11 eskuratu ditu.
Lehen hauteskunde sindikalak mugarritzat jo ditu ELAk. Nahiz eta enpresak hainbat oztopatu nahi izan duen prozesua azken hilabeteetan inpugnazioen bitartez, langileen inplikazioari esker lortu dute lehen aldiz enpresa batzordea eratzea.
ELAren iritziz, emaitzak hauteskundeetako datuetatik harago doaz: “urrats handia da enpresa eredu berri hauek inposatzen duten prekarietatearen aurkako borrokan”.
Aldarrikapen nagusien artean daude langileen soldatak hobetzea eta atsedenaldietako denbora bermatzea. ELAk nabarmendu du emaitzak berretsi egiten duela langileen antolakuntza eta borroka kolektiboa direla lan eta gizarte eskubideetan hobekuntzak lortzeko tresna eraginkorrenak.