greba ehungintzan

ELAk greba deitu du EAEko kate handietan Estatuko hitzarmenaren aurka

2023/07/13
EAEko Inditex, H&M, Mango edo Primark bezalako ehungintza sektoreko kate handiek greba egingo dute uztailaren 17an, hitzarmen probintzialen negoziazio esparrua defendatzeko. Izan ere, egun horretan bertan hasiko dira Madrilen negoziatzen ehun eta oinetakoen merkataritza kate handien Estatuko lehen hitzarmena, hitzarmen probintzialak alboratzeko. Bada, ELAk dio hitzarmen horren helburua lan baldintzak estatalizatzea dela, eta, ondorioz, okertzea. Sindikatuak dio Inditexek, HyM, Primark eta Mango bezalako beste kate handi batzuekin batera -ART patronala osatzen dute-, bertan behera utzi nahi dituztela ehungintzako hitzarmen probintzialak, Hego Euskal Herriko lan baldintzak okertuz. Izan ere, negoziazio kolektiboa zentralizatu nahi dute Estatuko hitzarmen bakarra ezarrita. Aipatu behar da hitzarmen probintzial horiek askoz ere lan baldintza onuragarriagoak jasotzen dituztela, lanaldi txikiagoekin eta soldata handiagoekin. Espainiako beste hainbat probintziatan, ordea, langile asko oso justo iristen dira lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzera. Uztailaren 17an, EAEko greba-egunean, ELAk ere parte hartuko du elkarretaratze batean, Madrilen, CIGa eta OSTA sindikatuekin batera.

Sindikatuaren esanetan, Inditexek eta gainerako enpresek negoziazio kolektiborako eskubidea urratu nahi dute, patronalak eta sindikatuek lanbide arteko akordioaren bidez blindatu dutena, Hego Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea errespetatu gabe. Sektoreko mobilizazioen ostean lortutako lan eta soldata baldintzak okertu nahi izatea leporatu die ELAk.