ELAk greba deitu du H & M taldean itxieren aurka

2021/04/21
ELAk greba deitu du H & M taldean apirilaren 22, 23, 24, 29 eta 30erako; maiatzaren 3tik aurrera greba mugagabea izango da. Izan ere, EAEn lantoki bat ixteko asmoa dute, baita Bizkaiko bulegoak ere; bestalde, baliabideen jaitsieragatik kaleratze kolektiboak aurreikusi dituzte EAEko 6 dendatan (horien artean Bizkaiko guztietan) eta Nafarroako 2tan. Lanaldia murrizteko ezarri nahi duten lan baldintzen aldaketa nabarmenak Nafarroako denda bati eta Bizkaiko hiru lantokiri eragingo lieke.

Enpresak jakinarazi digu apirilaren 23an bi prozedurari ekingo diela: Kaleratze Kolektiboak, batetik, eta Lan Baldintzen Aldaketa Nabarmena, bestetik. Honek estatu mailan 1.000tik gora langilerengan izango du eragina. Enpresak 30 denda itxi eta kaleratzeak beste 94tan egin nahi ditu. Halaber, lan baldintzen aldaketa nabarmena ere ezarriko du, lanaldi murrizketa, estatuko 24 dendetako 50 langileren kasuan. Prozedura horiek guregan eragin larria dute: kaleratzeak eta lanorduen aldaketa. ELAk salatu du enpresak emandako datuen arabera, H & M taldeak 2019an 21.988 milioi euro fakturatu zituela eta 1.270 milioitik gora irabazi.

Negoziazio prozesua Madrilen izango da, estatu guztirako. ELAk Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan duen ordezkaritzaren arabera, alderdi sindikala osatzen duten 13 ordezkarietatik 1 dagokigu.
ELAk aldarrikatuko du negoziazio eremua bertokoa izatea, honelako prozesuetan izan dugun esperientziagatik bai baitakigu negoziazio eremua zenbat eta zabalagoa izan are zailagoa dela lantoki bakoitzari eta beharginen egoerari dagokion akordioa lortzea.

ELAk lehenengo bileran ematen zaigun dokumentazioa aztertuko du egiaztatzeko ea kasu honen atzean ere ez ote dagoen digitalizazioaren aitzakiaz enpresaren etekina puzteko asmorik, nola eta langileen lepotik, enplegua suntsitu eta lan baldintzak okertuz.

Grebekin batera, ELAk elkarretaratzeak deitu ditu:

Bizkaian goizero 11etan:
- Apirilaren 22an Zubiarten
- Apirilaren 23an Ballontin
- Apirilaren 24an Artean

Gipuzkoan, eguerdiko 12etan:
- Apirilaren 22an COS Donostian (Askatasunaren Etorbidea)
- Apirilaren 23an Garbera merkataritza zentroan
- Apirilaren 24an COS Donostian (Askatasunaren Etorbidea)

Araban apirilaren 22, 23 eta 24an goizeko 11:00etan egingo dira bilkura Gasteizko Boulevard merkataritza zentroan.