Entelgy (Hezkuntza publikoko euskarri informatikoa)

ELAk greba deitu du irailaren 7tik 20ra prekarietatearekin amaitzeko

ELAk greba deitu du irailaren 7tik 20ra prekarietatearekin amaitzeko
Gaurtik aurrera, Entelgy Ibaiko (Bizkaiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoei euskarri informatikoa emateaz arduratzen den enpresa) langileek greba hasiko dute irailaren 20ra arte. ELAk soldata duina eta lan-baldintza prekarioak amaitzea aldarrikatu du.

Langileek urtean 24.000 euroko soldata izatea eskatzen dute, eta, horrela, beren lan- eta bizi-baldintzak duintzea. Egun, kolektiboak salatu du urteko oinarrizko soldata 17.094 eurokoa dela eta lanaldia 1.770 ordukoa, horrek Eusko Jaurlaritzaren azpikontrata guztien artean soldatari dagokionez kolektiborik prekarioena bihurtzen ditu langileak.

Bizkaiko 10 langilek osatzen dute plantilla, eta soldata 12 urte baino gehiago izoztuta daramatela salatu dute. Azken urteetan enpresarekin akordio batera iristen askotan saiatu ondoren, eta inolako emaitzarik lortu gabe, ELAk grebarako deia egin du. Greba-egunek euskarri informatikorik gabe utziko dituzte ehun ikastetxe, LHko institutu, hizkuntza-eskola... baino gehiago Bizkaian.

Gauzak horrela, langileek hainbat elkarretaratze egingo dituzte eskolen eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, baita Entelgy enpresaren aurrean ere. ELAk, horrela, gatazka ikusarazi nahi du, eta enpresa bera eta Eusko Jaurlaritza interpelatu nahi ditu kolektiboaren soldata hobetuko duen proposamen bat egin dezaten.