ELAk greba deitu du maiatzaren 18tik 22ra, hitzarmen propio baten alde
Errenteriako Laffort España S.A. enpresaren jarrera pasiboa eta hitzarmen propioaren blokea salatzeko, ELAk greba deitu du maiatzaren 18tik 22ra. Enpresa edari alkoholdunentzako aromen ekoizpenean aritzen da.
Langileen arabera, hiru hilabete baino gehiago igaro diren arren, enpresarekin hiru bilera baino ez dira egin eta ez da benetako aurrerapenik egon. ELAk adierazi du aldeak oso urrun daudela eta enpresak ez duela negoziatzeko benetako borondaterik.
Enpresak 37 langile ditu, eta ordezkaritza sindikala osorik ELAk osatzen du, hiru ordezkariren bidez. Gaur egun, langileei Estatuko Lurringintza eta Antzekoen hitzarmena aplikatzen zaie, baina plantillaren ustez hitzarmen horrek ez du ez Gipuzkoako lan errealitatea ezta enpresaren egoera zehatza ere islatzen.
Langileek otsailaren hasieran egindako batzarretan erabaki zuten lehen aldiz hitzarmen propio baten negoziazioari ekitea, lan baldintzak nabarmen hobetzeko helburuarekin.
Grebarekin batera, ELAk elkarretaratzea deitu du datorren ostegunean, 12:00etan, Errenteriako plazan, euren aldarrikapenak kalera ateratzeko. Plantillak ohartarazi du mobilizazioekin jarraituko duela lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen kolektibo bat lortu arte.