GIPUZKOAKO ERAIKIN ETA LOKALETAKO GARBIKUNTZA

ELAk greba deitu du urriaren 17tik 30era

2023/09/20
ELAk Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzako sektorean greba deitu du urriaren 17tik 30era. Negoziaketetan aurrerapenik izan ezean, bi greba aste horien ostean, greba mugagabera jotzea erabaki du sindikatuak. Negoziazio Mahaiaren blokeoa eta patronalaren erosahalmena bermatzeko borondate falta dira deialdiaren arrazoiak.

Izan ere, erabat feminizatutako sektorea da. 5.000 pertsonek egiten dute lan sektore horretan, eta %90 baino gehiago emakumeak dira. Horrek esan nahi du prekarietatea nagusi dela soldata txikiekin, lanaldi partzialekin, lan karga handiekin...

Maiatzaren 22tik 28ra jarraipen zabala izan zuen greba deialdia egin zuen ELAk, salatzeko bost urte daramatzatela sektoreko langileek hitzarmenik gabe, erosahalmenaren etengabeko galerarekin. Sektoreko langileen %80k baino gehiagok lanaldi partzialak dituzte, beraz, hilean 1.000 euro gordin baino gutxiago jasotzen dute gehiengoak. Ez da zaila astean 10 orduko lanaldiak dituzten eta enpresa batean baino gehiagotan lan egiten duten langileekin topo egitea.

Dena den, negoziazio mahaiak erabat blokeatuta jarraitzen du. Patronalak planteamendu erregresiboak egiten darrai, langileen mobilizazioari entzungor egin dio eta erosahalmena bermatzeko prest ez dagoela berretsi du. Planteamendu ekonomiko horiek ez dutenez eroshalmena bermatzen, garbikuntzako langileak egiturazko pobretasun sistematikora kondenatzen dituzte. Gipuzkoako hitzarmen sektorial guztiak erosahalmenaren bermearekin sinat badira ere (Ostalarirtza, Ostatugintza, Metala, Elikadura Industria eta Komertzioa, Textila....), hitzarmen honen negoziaketan patronalak ez du eroshalmena bermatzen duen planteamendurik egin.

ELAk urteak daramatza sektoreko langileek pairatzen duten soldata arrakala salatzen, eta arrakala hori handituz joan da, eta egun %40koa da. Horren arrazoia da, hein handi batean, maskulinizatutako sektoreetan ez dela zalantzan jartzen soldata igoerek erosahalmena erreferentzia bezala izan behar dutenik; garbikuntzan, berriz, KPIaren erreferentzia ez da inoiz erreferentzia balioduna izan patronalarentzat.

ELA da sektorean ordezkaritza gehien duen sindikatua, ordezkaritzaren %50 baina gehiago, eta argi dauka bere esku dagoen guztia egingo duela sektoreak lan baldintza duinak eta erosteko ahalmena bermatuko duten soldatak izan ditzan. Funtsezko sektore baten lan baldintzak duintzeko.

Bestetik, bezeroek ere euren gain hartu behar dute euren instalazioetan ematen diren zerbitzuen erantzukizuna. EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira gero euren udaletan garbikuntzako langileak prekarietatera kondenatzen ari direnak, hileko 1.180€ gordineko soldatekin. Propagandaz gaindi, erantzukizun politikoak hartzeko garaia da.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du mobilizazioei berrekiteko garaia dela. Sektoreko langileekin elkartu ostean, bizi duten prekarizazioa eta patronalaren borondate falta ikusita, grebara jotzea erabaki dute, eta urriaren 17tik 30era deitu dute. Negoziaketan aurrerabiderik egon ezean, greba mugagabera joko dute. Mobilizazio horien helburua argia da: Gipuzkoako garbikuntzako hitzarmen duin bat lortzea, langileei erosteko ahalmena bermatuko diena eta prekarietatearekin amaituko duena.