ZABOR BILKETA (AIARAKO MANKOMUNITATEA)

ELAk greba mugagabea deitu du uztailaren 20tik aurrera

ELAk greba mugagabea deitu du uztailaren 20tik aurrera
ELAk salatu du Prezerok uko egin diola langileen erosahalmena bermatzeari, eta lan baldintza eta soldata duinak exijitu ditu.

ELAk jakinarazi du uztailaren 20tik aurrera greba mugagabea hasiko dela Aiarako Kuadrillako hiri hondakinen bilketa zerbitzuan (Laudio, Amurrio, Artziniega, Okondo eta Aiara udalerriek osatzen dute), Prezero enpresa esleipendunak hitzarmenaren negoziazioan egindako azken proposamena guztiz eskasa dela iritzita.

Aiarako Kuadrillak azpikontratatutako 11 langile finkok greba deialdiaren alde egin dute, enpresak soldaten igoera KPIari lotzeari uko egin ostean. Prezeroren azken proposamenak %2ko soldata igoera baino ez du aurreikusten 2026rako eta 2027rako,  langileen erosahalmenaren galera betikotzen duena. ELAk salatu du Prezerok argi utzi duela ez duela KPIari lotutako soldata igoerarik onartzeko borondaterik, eta hori onartezina dela egungo testuinguru ekonomikoan.

Langileek irmotasunez egingo diote aurre gatazkari, eta sindikatuak ohartarazi du mobilizazioei eutsiko dietela Prezerok eta Aiarako Kuadrillak euren jarrera aldatu eta langileen eskaerei erantzuten dien proposamen bat aurkeztu arte.