AVANZA GIPUZKOA (LURRALDEBUS)

ELAk greba mugagabera deituko du negoziazioetan ez bada aurrerapausorik ematen

2025/06/26
Avanza Gipuzkoako (Lurraldebus) langileek 22 egun daramatzate greban, eta sindikatuetako ordezkariek (ELA, LAB eta Aurrera) ohartarazi dute asteburuetako greba mugagabea bihurtzeko asmoa dutela, negoziazioetan urratsik egin ezean. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren pasibotasuna salatu dute, gehiegizko orduen kontrolik ezaren aurrean.

Langileek 1650 gidatze ordu egien dituzte urtean, baina "hartu eta uztearekin" batera 1870 ordura hel daitezkeenak. Kasu batzuetan, aparteko orduak urteko 160 ordutik gorakoak izan daitezke, eta, Lan Ikuskaritzak hori baieztatzen duen ebazpena izan arren, Batzordeak adierazi du enpresak ez duela "gidariek jasaten dituzten gehiegizko egutegi eta lanaldietatik koma bat mugitu". Donostia-Bilbo-Gasteiz, Loiu eta Debako lineetako aparteko orduak "legez kanpokoak" direla adierazi dute.

ELAk Hitzarmen Kolektiboa etengabe urratzen ari dela salatu du, eta lizitazio berrian urtean 1592 ordu izatea aldarrikatu du. Horregatik, proposatu diren urteko bost orduko jaitsiera ez dela nahikoa uste du. Sindikatuak azaldu duenez, kontzesioaren indarraldia amaitu ondoren, 5 urteko luzapena egingo da, "Gipuzkoako Aldundiari gutun zuria emanez, bere jarreran iraun dezan". Hala, adierazi du erakundea pasibotasun horren konplize dela, eta 22 eguneko greba pilatu duen gatazkari irtenbidea ematen inplikatzeko eskatu du. Norabide egokian urratsik egiten ez bada, greba mugagabe oso batera joango dira.