ELAk H & Mrekin adostu du Hego Euskal Herrian ez aplikatzea enpresak, CCOOk eta UGTk adostutako kaleratzeak

2021/06/15
Apirilaren 22an hasi zen greba mugagabearen ondoren, ELAk akordioa itxi du H&M enpresarekin. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lantokietan pertsona bakar bat ere kaleratua ez izatea eta lan baldintzen funtsezko aldaketarik ez aplikatzea lortu dugu, nahiz eta estatu mailan enpresak CCOO eta UGTrekin hori hitzartuta izan. ELAk langileak zoriontzen ditu enpleguaren alde egin duten borrokagatik.

Lau lurraldeotako langileek izugarrizko borroka gogorra egin dute -zeinari CCOOk eta UGTk ez dioten babesik eman-, eta horri esker enpresak atzera egin du hartuta zituen erabaki batzuetan. Hasteko, astean 30 ordutik gorako lanaldia duen eta kontziliazio eskubidea baliatzen duen jendea kaleratzeko asmoa baztertu du; aldi berean, gaur, bertan behera utzi ditu EAEko hiru lurraldeetan eta Nafarroan egin nahi zituen kaleratzeak eta lan baldintzen funtsezko aldaketak.

Akordio honekin ELAk greba bertan behera utzi eta honek eragindako lantokietan langileak lanera itzultzeko konpromisoa hartzen du. ELAk zorionik beroenak eman nahi dizkie H&Mko langile hauei, enpresa suediarrari aurre egin diotelako, enpleguaren eta lan baldintzen alde.

Gaur borroka inoiz baino premiazkoagoa da merkataritzan, izan ere, oihalgintzako enpresa handien estrategia da etekina maximizatu eta online salmenta sustatzea, sektoreko langileak alde batera utzita. Enpresen politika hau lanpostu asko eta asko suntsitzen ari da. Enpresak emandako datuen arabera, H&Mk 2019an 21.988 miloi euro fakturatu zituen, eta 1.270 milioi euroren etekina lortu, hots, aurreko urtean baino %6,3 gehiago. Estatu mailan sinatutako EREak aurreikusten zuen 920 lanpostu kendu eta 26 denda ixtea.