OSAKIDETZAKO GARBIKUNTZA

ELAk helegitea jarri du Osakidetzan greba urratzeagatik egindako ezohiko garbiketen aurka

2023/05/16
Greba ekainaren 4ra arte luzatuko da gutxienez. ELAk proposatu du karrera profesionalaren ordainketa modu mailakatuan egitea, hainbat epetan, ordainketa hori osatu arte eta murrizketarik onartu gabe. Langileek 80 greba egun egin dituzte.

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuko langileek 80 greba egun beteko dituzte bihar. Langileek bost urte daramatzate hitzarmenik gabe, enpresek etekinak pilatzen dituzten bitartean. Salatu dutenez, patronala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza gatazka propio luzatzen ari dira, biltzeari uko eginez eta grebarako eskubidea urratzen duten ezohiko garbiketekin. Horregatik, gutxienez ekainaren 4ra arte greba luzatzea erabaki dute.

Gogoratu behar da azpikontratatutako garbitzaileek 2010era arte aitortuta dutela karrera profesionala, eta orain Osakidetzak, osasun publikoa desegiteko eta murrizketak egiteko politikan, erabaki du oraingoan ez dizkiela dagozkien urteak ordainduko. Osakidetzak eta enpresek 2011-2018-2019-2020 eta 2021eko deialdiak ordaintzeari uko egin ziotenez, egoerak gain egin zuen, eta garbiketako langileek, gizarteak, enpresek eta administrazioak ikusezin bihurtutako sektoreak mobilizazioetara jo zuen, nahikoa dela esateko.

Beste behin ere, Administrazio Publikoak argi utzi du patronalarekin duen aliantza. Lan Sailak aparteko 6 garbiketa agindu ditu Gipuzkoan 80 egun hauetan, eta langileen greba eskubidearen aurka egin du zuzenean. “Administrazio publikoak gure alde egiten duena da gutxieneko zerbitzuak inposatzea eta ezohiko garbiketak dekretatzea”, salatu du ELAko langileek. Gertakari horien aurrean, sindikatuak juridikoki errekurritu ditu garbiketa horiek. Izan ere, erabaki horiek Administrazio Publikoaren interes politikoei eta desmobilizazio-estrategiei baino ez dagozkie. “Bi bilera egin dira Lan Sailarekin, eta ELAk bilera eskatu ondoren, alde guztiak deitzea erabaki zuen. Gatazka desblokeatzen lagundu beharrean, aste hauetan, Lan Sailak 5 ezohiko garbiketa agindu eman dizkigu. Ez dago aurrerapausorik negoziazioan, Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean, eta Lan Sailak eta Osakidetzak, bereziki, beste behin ere garbitzaileen gatazka ikusezin bihurtu nahi dute. Gatazka hori duintasunaren eta borrokaren eredu izaten ari bada ere”.

Horregatik guztiagatik, greba luzatzeaz gain, ELAk karrera profesionala ordaintzeko proposamena egingo die patronalari eta Osakidetzari: murrizketarik onartu gabe eta urte bakar bati ere uko egin gabe, ELAk proposatu du karrera profesionalaren ordainketa mailaka egitea, hainbat epetan, ordainketa osatu arte. Proposamen berri honekin, ELAk inplikatutako alderdi guztien erantzuna espero du.