Bizkaiko Ehungintza

ELAk hitzarmena berritzea lortu du, KPIari lotuta eta online plusarekin

2023/05/17
Hitzarmena izoztuta zegoen 2015etik. Hitzartutako soldata igoerei esker, saltzaile baten soldata 1.346,50 eurokoa izango da 2023an, eta indarraldiaren amaieran 1.485,60 eurokoa; %20tik gorako igoera da hori

Patronalarekin hogeita hamahiru bilera egin ondoren, ELAk, sektorean gehiengo osoa izanik, akordio bat lortu du Bizkaiko ehungintzaren hitzarmena berritzeko. 3.700 langileri eragiten die akordioak, eta antolaketa eta borroka prozesu baten ondorioz lortu da, tartean bederatzi greba egunekin.

ELAk sinatutako aurreakordioaren edukien artean honako hauek daude:

  • 2023. urterako % 12ko soldata eguneratzea, 2024/2026 urteko KPIaren bermea eta atzerapenak ordaintzea.
  • Lehen aldiz, online plusa jasoko du hitzarmenak, modu progesiboan 1.000 eurotik 1.100 eurora igotzen dena urtez urte, online salmentatik eratorritako teknologia berriek ekarritako lan karga konpentsatzeko.
  • 8 orduko lanaldi murrizketa eta estatuko berdintasun planei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

Era berean, ELAk lortu du patronalak eustea udako larunbat arratsaldeetako librantzari, antzinatasunari eta bajen osagarriari.

Aurreakordio horren ondorioz, 2015. urteaz geroztik izoztuta zegoen hitzarmena berritzea lortu da, soldata igoera garrantzitsuekin. Adibidez, horren ondorioz saltzaile kategoriako langile batek 2023an 1.346,50 euroko oinarrizko soldata izango du, eta indarraldiaren amaieran 1.485,60 eurokoa, hau da, % 20 baino gehiago handituko zaio soldata.

ELAk oso positibotzat jo du sektoreko langileen antolaketari eta borrokari esker lortu den akordioa; izan ere, langileen erosteko ahalmenaren galera geldiarazten du, eta lortu bai online plusa sartzea, sektorearen digitalizazioan funtsezkoa dena, bai udako larunbat arratsaldeetako librantzari eustea.