Bizkaiko Ostalaritza

ELAk hitzarmena sinatzea lortu du eta lanaldi partzialeko aldizkako langile finkoak ugaritzea eragotzi du

2025/03/19
Soldatak % 15,5 eguneratuko dira, lanaldia murriztuko da, erregistro telematikoa egingo da enpresa guztietan, eta ‘riderrak’ hitzarmenean sartuko dira. ELA (46,37%), CCOO (22,71%) eta UGT (6%) sindikatuek sinatu dute akordioa.

ELAk hitzarmen berri bat sinatu du Bizkaiko Ostalaritzan, 26.000 langileei mesede egingo diena. Akordioak aurreikusten du soldatak % 15,5 eguneratzea 2025eko martxorako, 2026rako KPI + % 0,5 , eta 2027rako KPI + % 1,6. Gainera, akordioak jasotzen du 4 orduko lanaldi murrizketa, enpresa guztiei lanaldiaren kontrol telematikoa ezartzea eta hitzarmenaren esparruan riderrak sartzea, kolektibo horrentzat 60 euroko plusarekin. Akordioak kolektibitateen eremuak bere hitzarmen autonomikoa izateko aukera irekitzen du.

Ezer ez zen aldatu Bizkaiko ostalaritzako langileentzat, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 2024ko maiatzaren 27an aurreakordioa iragarri zutenetik. Akordio hori ez zen praktikara eraman; orain, ordea, ELAk lortu du egoera desblokeatzea.

Orduan ELAk salatu zuen gainerako sindikatuen aurreakordioak ezabatu egiten zituela enpresek lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak ezartzeko mugak, eta horrek areagotu egingo zuela sektorearen prekaritatea. Kontratu mota horri esker, adibidez, okupazio errekorrak dituzten Bizkaiko hotelek aldizkako kontratu partzialak egin ahal izango lituzkete, aldez aurretik dei soil bat eginez, okupazioak gora egingo duela aurreikusten bazuten. Langileak eta haien bizitzak enpresen berehalako beharren mende geratzen ziren. ELAk sinatutako akordioak hori baztertzen du, beraz, kontratu mota horiek ugaritzea eragotzi du.

LABek, UGTk, CCOOk eta patronalaren arteko aurreakordioa sinatu ez arren, ELAk hitzarmena desblokeatu nahian jarraitu du, eta horrek fruituak eman ditu.