EAE jantokiak eta sukaldeak
ELAk Kolektibitateen lehen hitzarmena bultzatu du

Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuaren bultzadarekin, irailean lehen aldiz EAErako hitzarmen berri bat negoziatuko da kolektibitateetan (jantokiak eta sukaldeak). Mahaia eratzeko zortzi saioren ostean, Euskadiko Ostalaritza Federazioak jarrera aldatu eta hitzarmen hori negoziatzeko prest dagoela jakinarazi du. Horretarako, irailaren 4an mahaia eratuko da Bilboko LHKn.
ELAk uste du berri ona dela, sektore horretako negoziazio kolektiboa Euskal Autonomia Erkidegoan negoziatzea lortuko baita, eta ez Estatuan, hainbat urtetako gatazka juridiko eta sindikalen ondoren.
ELAk argi du hori dela eskola jantoki itunduetan eta pribatuetan, erresidentzietan, ospitaleetan eta industria enpresetan (5.000 pertsona baino gehiago) lan egiten duten pertsonen lan baldintzak erregularizatzeko beharrezko urratsa, ikastetxe publikoetako langileekin parekatzeko.