Gipuzkoako bide garbikuntza eta zabor bilketa

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk salatu dute hitzarmenaren negoziazio blokeatuta dagoela 2022tik

2023/04/26
Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan Gipuzkoako bide garbikuntzaren hitzarmenaren inguruko seigarren bilera zela aprobetxatuta, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, lurraldeko bide garbikuntzaren eta zabor bilketaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen duela salatzeko. Sindikatuek gatazkan inplikatzea eskatu diote Udalari. Hitzarmena 2022ko abenduan amaitu zen, eta ordutik ez da berritu. Urtarrilean hasitako negoziazioek ez dute oraindik emaitzarik eman. Patronalak ez du proposamen ekonomikorik aurkeztu eta bajen osagarrietan murrizketak baino ez ditu proposatzen. Horrekin batera, txanda kontratuak sinatzeko trabak jartzen ditu. Sindikatuek, aldiz, hainbat proposamen egin dituzte plataforma bateratuan, hala nola KPIa bermatzea, txanda kontratuak hobetzea edo partzialtasunari aurre egitea.

Udalaren eta Mankomunitatearen inplikazioa beharrezkotzat jotzen dute sindikatuek, haiek baitira zerbitzu publiko horren azken arduradunak. Horregatik, gutunak bidali zaizkie Gipuzkoako Mankomunitateetako alkate eta presidenteei. Gainera, datozen egunetan beste kontzentrazio batzuk egingo dira Gipuzkoako hainbat udalerritan.

Sindikatuek ez dute baztertzen udaberrian edo udan beste mobilizazio mota batzuK deitzea, patronalak berd jarrera aldatzen ez badu.