ELAk, LABek eta ESK-k Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektorean soldata arrakala ezabatzea exijitu dute

Soldata arrakala ezabatzea
29.000 langile baino gehiago daude garbiketaren sektorean lanean EAEn; 26.000 (%86) eraikin eta lokalen garbiketan ari dira, non %85 emakumeak diren; 4.000 langile dira, berriz, kale garbiketan ari direnak, non %76 gizonak diren.
Kolektibo baten eta bestearen soldaten artean %40 inguruko aldea dago, kalean lan egitea konpentsatzen duen plus toxiko/nekagarri/arriskutsua alde batera utzita; beraz, argi dago eraikin eta lokalen garbiketan gutxiago kobratzen dela sektore feminizatua delako.
Soldata duinak: 1.200€ x 15 ordainsari
Negoziazio mahai honen beste aldarrikapen nagusietako bat da langileen soldatak gutxienez 1.200 eurokoak izatea 15 ordainsaritan, soldata hori funtsezkotzat jotzen baitute sektorea duintzeko.
Gainera, sektore horretan langile gehienek lanaldi partzialak dituzte. Ondorioz, langile gehienak ez dira hileko 1.000 eurora iristen.