Greba egun gehiago deituko dituzte Bizkaiko garbikuntzan, patronalak hobekuntzarik proposatzen ez badu

Bizkaiko langileen soldatak ez dira urtean 16.000 eurora iristen, eta gehienek lanaldi partzialak dituzte. Gainera, bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, nahiz eta KPI inoiz baino altuagoa izan. ELAk, LABek eta ESK-k langileek pairatzen duten soldata arrakala ere salatu dute. Gizonak gehiengoa diren bide garbikuntzarekin alderatuz gero, eraikinetako garbitzaileek % 45 gutxiago irabazten dute. Beraz, 1.200 euro x 15eko soldatak aldarrikatzen dituzte.
Sindikatuek gogorarazi dute urtebete baino gehiago igaro dela hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zenetik, eta harrezkero patronalak ez duela hobekuntza nabarmenik eskaini. Patronalak negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu, greba egun gehiago deituko dituztela adierazi dute.