ELAk lehen akordioa sinatu du EAEko ikus-entzunezkoen sektoreko langileen subrogazioa bermatzeko

2018/03/01
Esparru-akordio hori lehen pausoa izan da guztiz arautu gabe zegoen sektore bat arautzeko. Izan ere, Ikus-entzunezkoen sektorea oso egoera prekarioan zegoen, baina, honez gero, subrogazio eskubidea lortu da. Patronalak EAEko ikus-entzunezkoen produkzioaren lehen hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartu du, sei hilabeteko epean. Hitzarmen horren bidez gutxienezko soldata bat bermatuko zaie sektoreko langileei, 19.000 euro gordin urtean.

Lizitazio publikoak direla-eta gero eta prekarioagoa bilakatu den sektore horri egonkortasuna emateko lehen pausoa izan da. Administrazio publikoek lan-prekarietatearen aldeko apustua egitea erabaki dute, lizitazioetan prezioa lehenetsiz; nahiz eta, horrela eginez, sektoreko lan-baldintzak jaitsiko direla jakin. Horren adibiderik garbiena EITBn dugu, non baldintza-orrietan prezioa %35 edo gehiago merkatzen den, eta lazeria eta lan-prekarietatea zabaltzen duten enpresei zerbitzuak esleitzen zaizkien.

ELAtik sektoreko lan-baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu, eta, horrela, ikus-entzunezkoen produkzioaren I. hitzarmena aurten bertan sinatzea lortzea espero dugu.