BIZKAIKO KIROLDEGIAK

ELAk oso positiboki baloratzen ditu otsailean egindako bi greba egunak

2024/02/29
Otsaileko bigarren eta azken greba eguna dute Bizkaiko kiroldegi eta zelaietan. ELAk oso positibotzat jo ditu mobilizazio egun horiek, plantillaren jarraipena oso zabala izan baita: langileen %90 baino gehiagok babestu dute greba

Bilbon, udal igerileku guztiak itxita egon dira. Gimnasioak irekita egon dira, instalazio askotan monitorerik gabe, eta hori arriskutsua da erabiltzaileentzat. Laguntzaileak ere, gehienbat, lanuztera atera dira. Jarduera gehienak ezin izan dira eman, eta mantentze eta sarbide kontroleko langileek ere grebarekin bat egin dute.

Bizkaiko gainerako instalazioei dagokienez, azpimarratu behar da Derio, Markina, Sopela, Zamudio, Leioa, Kabieces, Elorrio, Abadiño, Berriz, Ermua, Barakaldo, Zalla, Ortuella... kiroldegiak itxita egon direla eta plantillen %90 baino gehiagok egin duela bat grebarekin.

Bi greba egun horien ondoren, beste hiru deitu dituzte martxoaren 4, 5 eta 9rako. Gogora dezagun 2.000 pertsonak egiten dutela lan sektore horretan, eta 2022ko abenduaren 31n amaitu zitzaiela hitzarmena. Negoziazioan plantillaren egoera hobetzeko proposamenik ez badago, ELAk argi du mobilizazioen alde egiten jarraituko duela.