BIZKAIKO KIROLDEGIAK

ELAk oso positiboki baloratzen du Bizkaiko kiroldegietako grebaren jarraipena

2024/04/10
Apirileko lehenengo greba eguna dute Bizkaiko kiroldegi eta zelaietan. Abendutik hona 12 egun greba egin dituzte, eta ELAk, sektorean %49,23ko ordezkaritza duen sindikatu nagusiak, oso positibotzat jo du gaurko mobilizazio eguna, plantillaren jarraipena, berriz ere, oso zabala izan baita: langileen %90 baino gehiagok babestu dute greba.

Bilbon, udal igerileku guztiak itxi dira. Gimnasioak irekita egon dira, instalazio askotan monitorerik gabe, eta hori arriskutsua da erabiltzaileentzat. Laguntzaileak ere, gehienbat, lanuztera atera dira. Jarduera gehienak ezin izan dira eman, eta mantentze eta sarbide kontroleko langileek ere grebarekin bat egin dute.

Bizkaiko gainerako instalazioei dagokienez, azpimarratu behar da Derio, Markina, Sopela, Zamudio, Leioa, Kabieces, Elorrio, Abadiño, Berriz, Ermua, Barakaldo, Zalla, Ortuella... kiroldegiak itxi direla eta plantillen %90 baino gehiagok egin duela bat grebarekin.

Sei greba egun deitu dituzte apirilerako, 10, 11, 12, 13, 15 eta 16, eta beste lau egun gehiago maiatzerako, 7, 8, 9 eta 10, momentuz. Gogora dezagun 2.000 pertsonak egiten dutela lan sektore horretan, eta 2022ko abenduaren 31n amaitu zitzailea hitzarmena. Negoziazioan plantillaren egoera hobetzeko proposamenik ez badago, ELAk argi du mobilizazioen alde egiten jarraituko duela.

Hurrengo egunetan grebalariek hainbat ekintza egingo dituzte eskualdeka:

  • Apirilak 11: 8:45ean Sopelatik Leioara bizikletaz martxa eta 11h30 Leioako Sakoneta Polikiroldegian kontzentrazioa.
  • Apirilak 12: Bilbon 11:00etan, Abusutik Miribillara kalejira.
  • Apirilak 13: Sestaoko Rialia museoan kontzentrazioa 13:00ean.
  • Apirilak 15: Bilbon, 11:30ean Eudel aurrean kontzentrazioa
  • Apirilak 16: Portugaleten, 11:30ean, Portugaleteko udeletxe aurrean kontzentrazioa.