ELAk patronalarekin hitzartu du Lanbidearteko Akordioaren aurkako demanda bertan behera geratzea

2018/04/19
ELAk FEADRS patronalarekin hitzartu du honek bertan behera utziko duela Egiturako Lanbidearteko Akordioaren aurka sartu zuen demanda, eta negoziazio prozesu bati ekin dio EAEko eragile guztien artean sukaldaritza kolektiboko gatazkari behin betiko irtenbide bat emate aldera.

Bilbon izandako bileran ELA eta FEADRSen artean lortutako akordioaren arabera, patronalak Lanbidearteko Akordioaren aurkako demanda erretiratu egingo du. Alde biek hitzartu dute EAEko patronal eta sindikatuen artean negoziazio bat hastea lurralde honetan diharduten sukaldaritza sektoreko langileen baldintzak finkatzeko.

FEADRSen erabaki hau ezinezkoa izango zen patronal hori osatzen duten enpresetako langileen irmotasunik gabe, greba deituta baitzeukaten apirilaren 24rako, hots, patronalak jarritako demandari buruzko auzi-saioa zen egunerako.

Halaber, ELAk bere esker ona adierazi nahi die hainbat alderdi, erakunde eta enpresari, zeintzuekin egunotan bilerak izan dituen, helburu hau lortzen lagundu baitute.

FEADRSen demanda jaso zuenean ELAk esan zuen bezala, helburua izan behar zen patronalak hura erretiratzea, eta horretarako ezinbestekoa zen demandak eragindako eremu konkretuan ekitea, beti ere, auzi-saioa izan baino lehenago. Gaurko akordioak erakusten du hori zela estrategia zuzena.

Demandari uko egiteko erabaki formala jaso bezain pronto, ELAk bertan behera utziko ditu aurreikusita zeuden mobilizazioak, apirilaren 24an izatekoak zirenak.

Prozesu honek guztiak erakutsi du erabakitzeko eskubidea, edozein eremutan, soilik gauzatuko dela erabakiak baldintza ditzakegun esparruetan benetan mobilizatuz gero.