ALSE SEGURIDAD
ELAk positibotzat jo du grebaren lehen eguna
2025/02/17

Bizkaiko Foru Aldundiko segurtasun pribatuko langileek lehen greba eguna egin dute lan baldintza hobeak eskatzeko. Jarraipena %50ekoa izan da. ELAk abusuzko gutxieneko zerbitzu salatu ditu: %25ekoak zentroetan eta jaiegun batekoak hiru kontrol zentroetan. Gutxieneko zerbitzu horiek erakusten dute, beste behin ere, enpresa ta Aldundia elkarrekin doazela grebak ahalik eta eragin txikiena izan dezan.
ELAk salatu du oraingoz ez duela enpresaren –ALSE Seguridad– deirik jaso egoera desblokeatzen saiatzeko. Beraz, plantillak lan baldintza hobeak lortzeko borrokan jarraituko du. Otsailaren 18, 19 eta 20 ere greba egunak izango dira.
Segurtasun Pribatuaren sektorea prekarizatuta dago, eta Aldundiarentzat zerbitzua ematen dutenen artean gutxien baloratzen den kontrata da, 500 eurorainoko soldata aldearekin. ELAk sektorea duintzeko eskatu du, izan ere, langileek, askotan, txandak bikoiztu behar izaten dituzte soldata handiagoa jasotzeko. Gainera, ELAk adierazi du enpresak ezarritako zereginez gain Aldundiak ezarritako zereginak ere bete behar dituztela.