kutxabank

ELAk salatu du Euskal Herriarekiko eta euskararekiko konpromiso falta gero eta handiagoa dela

2026/11/05
ELAk salatu du Euskal Herriarekiko eta euskararekiko konpromiso falta gero eta handiagoa dela
Erabakiak gero eta urrunago hartzen direla, bertako profesionalak bigarren mailan uzten direla eta euskararen aldeko benetako apusturik ez dagoela salatu du ELAk. Horren aurrean, mobilizazio eta protesta ekimenak iragarri ditu.

ELAko Kutxabankeko atal sindikalak gogor salatu du enpresaren utzikeria, euskararekiko konpromiso falta eta Euskal Herriarekiko errotze-galera gero eta nabarmenagoak direla.

Sindikatuaren arabera, garai batean Euskal Herrian errotuta zegoen proiektu baten erabaki-gunea gero eta urrunago dago herritik, bezeroengandik eta langileengandik. Erabakiak, gainera, gero eta gehiago Estatuko hedapenaren mesedetan hartzen direla ohartarazi du, bertako profesionalen eta euskal nortasunaren kaltetan.

ELAren iritziz, norabide horrek ondorio zuzenak ditu: bertako profesionalak bigarren mailan uztea, euskararen aldeko benetako apusturik ez egitea eta lurraldearen ezagutza zein sentiberatasuna galtzea.

Atal sindikalak bereziki azpimarratu du euskarak erakundean izan beharko lukeen lekua: “Euskara ez da apaingarri bat, ezta marketin-tresna bat ere. Gure nortasunaren, sustraien eta herriaren funtsezko parte da”.

Horren aurrean, ELAk ez du onartzen Euskal Herrian sustraitutako erakunde batek bere jatorriari bizkarra ematea. Hori dela eta, egoera salatzeko mobilizazio eta protesta ekimenei ekingo diela iragarri du.

ELAk Kutxabanki jarrera aldatzeko eskatu dio, eta euskararen hedapenean benetako urratsak emateko, bai barne-funtzionamenduan, bai bezeroei eta herritarrei begirako jardunean ere.