Garbikuntzako enpresa handiak Koronabirusaren krisia aprobetxatzen ari dira murrizketak egiteko diru publikoa jasotzen jarraitzen duten bitartean

2020/03/25
Sektorean garrantzia handia duten enpresak, hala nola, Garbialdi (EHUren, Osakidetzaren edo Bizkaiko Foru Aldundiaren edo ertzain-etxeen garbiketa bezalako kontratu garrantzitsuekin); EULEN (Ondarroako edo Durangoko garbiketaren arduraduna); ISS (Hezkuntzako garbiketa); edo FCC (Bilboko Udalaren garbiketa), "enpresa piraten adibide batzuk dira, krisiaren aitzakipean murrizketak eta kaleratzeak eginez dirua aurrezten ari direnak". Ehunka langile prekaritatera eta miseriara kondenatzen dituen praktika txar honen aurrean, enpresekin zorrotz jokatzea eskatu dio ELAk administrazioari.

ELAk adierazi duenez, garbitasunaren sektoreko enpresa handi asko, higiene- eta osasun-krisi betean herritarrentzako funtsezko zerbitzua eskaintzen dutenak, Koronabirusak sortutako krisiaz baliatzen ari dira kaleratzeak eta murrizketak egiteko, diru publikoa jasotzen jarraitzen duten bitartean.

Jasotako salaketa batzuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Administrazioan azpikontratatutako langileak (aldi baterako kontratuekin) kaleratzea berriro kontratatuak izateko bermerik gabe; kontratua eten edo murriztu zaien eta ERTEra bidaltzen diren langileen kasua (han administrazioak berak ordainduko du prestazioa, enpresak soldata aurrezten duen bitartean baina kontratu publikoagatik kobratzen jarraituko du); ordezkapen-kontratuak dituzten langileen kaleratzea (Administrazioak jarraitzen du ordezkapenak egiteko diru-partida ematen); edota euren lan ordutegitik kanpo beste zerbitzu batzuetara bideratzea langileak (kontratazio berrian kostua saihestuz)...

Sindikatuaren esanetan, "krisi horrek  funtsezko zerbitzuak (eta kasu gehienetan feminizatuak) azpikontratatzeko sistema utzi du agerian, beti ere, gizartearen premiei erantzuteko inongo asmorik ez duten eragile pribatuen mesedetan".

ELAk gogorarazi du martxoaren 17ko Errege Lege Dekretuak berak behartzen dituela administrazioak zenbait zerbitzu eta kontratu indarrean mantentzera; besteak beste, garbiketa. Beraz, garbiketaren sektoreko enpresa azpikontratatuek legez jarraituko dute indarrean dituzten kontratuekin, eta dagokien prezioa jasoko dute. Hori ikusita, enpresa esleipendunek emakumezko langileen lan- eta soldata-baldintzak mantendu eta bermatuko lituzketela espero daiteke, eta hori, sindikatuak salatzen duen bezala, ez da betetzen ari.

"Onartezina da guztioi ahalegin emozional, familiar eta ekonomikoa eskatzen diguten egoera honetan, pirata-enpresa hauek egoera aprobetxatzea irabaziak lortzeko. Eta hori egin dezatela, gainera, administrazioen eta gu guztion diruaren kontura, ehunka langile prekarietatera eta miseriara kondenatzen dituzten bitartean", nabarmendu dute.