askatasun sindikala

ELAk salatu du Irungo Mercadonak ordezkari bat kaleratu duela

2026/06/16
ELAk salatu du Irungo Mercadonak ordezkari bat kaleratu duela
Mercadonak Irunen duen lantokian ordezkari sindikal baten kaleratzea salatu du ELAk, eta jokabide antisindikal larria egotzi dio enpresari.

Ordezkaria hilabetez jarraitu izan du detektibe batek, bere jarduera sindikalak garatzen zituen bitartean eta baita bere aisialdian ere, intimitate eskubidearen urraketa berri bat. Kaleratzea gertatzen da langilea zerrendaburu zuen hautagaitzak Iruneko lantokian hauteskunde sindikalak irabazi eta sei hilabetera, eta bere lanpostuaren egokitzapenarekin lotutako aldeko epai bat lortu eta hilabete eskasera.

Delegatu hau duela bi urte ere kaleratu zuten; enpresaren aldetik jazarpena jasan zuen detektibe baten bidez baja mediko batean jarraipena egiteko, eta ondoren Auzitegi Gorenak gaitzetsi zuen praktika hori, langilearen oinarrizko eskubideak urratu zirela iritzita.

Gertaera hauek estrategia baten parte dira, plantillaren ekintza sindikala eta lan eskubideak mugatzeko, jazarpenean oinarritutako politika enpresariala oinarri duena: funtzio sindikalak aurrera eramateko zailtasunak, langileei informazioa trasmititzeko oztopoak, kontziliaketarako trabak, egutegi aldaketak, jarrera eta tratu desegokia enkargatuen aldetik, etabar luze bat.

Hori guztia behin eta berriz salatu du ELAk enpresaren aurrean, Lan Ikuskaritzan eta epaitegietan. Hainbat ebazpen eta txosten langileen aldekoak izan diren arren, Mercadonak praktika berberekin jarraitzen du.

Egoera honen aurrean, ELAk elkarretaratzea deitu du datorren ekainaren 22rako Irunen, Mercadonaren supermerkatuaren aurrean, 11:00etan.