GIPUZKOAKO OSTATUAK

ELAk sinatutako aurreakordioaren arabera soldata igoerak lau urtez KPI + % 2,5ekoak izango dira

2025/05/26
ELAk sektorean ordezkaritzaren % 70 du; hitzarmena aplikatzen zaie hotel, pentsio eta etxebizitza turistikoetan lan egiten duten 2.500 langileei

ELAk, ordezkaritzaren % 70ekin, aurreakordio bat lortu du Gipuzkoako ostatuen sektorean (hotelak, pentsioak eta pisu turistikoak) hitzarmen berri bat egiteko, lau urteko indarraldiarekin, 2025-2028. ELAk hobekuntzak lortu ditu 2500 langileen baldintzetan: soldatak 2,5 puntu igoko dira urtero KPIaren gainetik, eta hori “erreferentzia garrantzitsua da ostatuen sektorerako eta Gipuzkoako lurralderako”, nabarmendu du ELAk. Era berean, plantillaren beste aldarrikapen batzuk gehitu dira, hala nola oporren erregulazioa, egutegian txandak aldez aurretik ezartzea, eta abenduaren 24an eta 31n arratsaldez lan egindako orduak jaiegun gisa ordaintzea. Gainera, prekaritatearen aurkako neurriak ezarri dira, kategoriarik baxuena ezabatu da eta horrek soldata igoera gehigarria dakar kolektibo horrentzat.

Sinatu den aurreakordioaren edukia:

1- Iraunaldia: 2025-2028

2- Soldata igoera:

  • 2025: 2024ko KPI + % 2,5
  • 2026: 2025eko KPI + % 2,5
  • 2027: 2026ko KPI + % 2,5
  • 2028: 2027ko KPI + % 2,5

3- Hitzarmeneko V. Kategoria kenduko da, eta IV.era pasako da.

4- Lanaldia: Hitzarmenaren iraunaldian 14 ordu laburtuko da.

5- Geroa BGAEa sartuko da. Alde bakoitzaren ekarpena 2028an % 0,55ekoa izango da.

6- Oporraldiak arautuko dira.

7- Egutegiak egiten direnean abenduaren 31rako txandak ezarriko dira.

8- Abenduaren 24 eta 31: Arratsaldez lan egindako orduak jaiegunetako ordu gisa
ordainduko dira.

9- Hobekuntzak lizentzietan.