GIPUZKOAKO GARBIKUNTZA

ELAk soldata-arrakala % 55 murriztu du hitzarmena sinatuta

2023/10/31
ELAk Gipuzkoako eraikin eta lokalen Garbikuntzaren hitzarmen berria sinatu du ASPEL patronalarekin. Hitzarmen berria 2026ra arte egongo da indarrean, eta 5.000 pertsonari eragingo die, % 90 emakumeei, eta lan-baldintzak duintzeko borrokan jarraitzeko balioko du.

ELAk 2018tik hainbat greba-dinamika bultzatu ditu sektorean soldata-arrakalaren aurkako borrokan. Hala, irailaren 17an beste greba-deialdi bat iragarri ondoren (urriaren 17tik 30era, eta aldaketarik ez balego, mugagabea), patronalak ordura arte izandako jarrera birbideratu zuen, eta sindikatuaren eskaeretatik hurbilago zeuden proposamenak egin zituen.

Egoera horren aurrean, ELAk eta patronalak urriaren 9an sinatutako aurreakordioa berretsi dute, eta 2019-2026 indarraldia izango duen hitzarmena berritu dute, % 19,9ko soldata-igoerarekin: %5,4 2023rako; %3 2024rako; %3,8 2025erako; eta %3,8 2026rako.

Gainera, 2022-2023-2024-2025 urteetako KPIa % 7,7 baino handiagoa bada, 2027ko urtarrilaren 1ean soldatak % 3,9ra arte eguneratuko dira, erosahalmena ez galtzeko.

Akordioak gaur arte sektoreak jasaten zuen % 40ko soldata-arrakala murrizten jarraitzeko balioko du. Horrela, akordioari esker, Gipuzkoako garbiketako soldata-arrakala % 55 murriztea lortu da.

Bestalde, testu berriak hitzarmena ez aplikatzeko klausula eta aurreraeragin-klausula ere jasoko ditu, hitzarmenaren aplikazioa etetea galarazteko eta, indarraldia amaitu ondoren, haren aplikazioa ziurtatzeko.

Hitzarmena sinatzean funtsezkoak izan dira ELAk egindako greba-deialdiak, bai eta langileen antolaketa ere. Aipatzekoa da maiatzaren 22tik 28ra egindako azken greba. 5 urteko borroka luze honetan, garbiketako langileek argi eta garbi erakutsi dute mobilizatzeko gaitasuna eta erabakitasuna. ELAk argi du sektore feminizatuenetan eta prekarioenetan langileen borroka eta antolaketa dela bide bakarra.