VERSIA CONTACT CENTER (ELORRIO, TRAPAGA, ABADIÑO)

ELAk soldata hobekuntzak eta lanaldi murrizketa lortu ditu

ELAk soldata hobekuntzak eta lanaldi murrizketa lortu ditu
Bi urteko negoziazioen eta 14 greba egunen ostean, ELAk akordioa lortu du Versia Contact Centerren. Akordioa Bizkaiko enpresaren hiru lantokietan aplikatuko da, eta urteko lanaldia 60 orduz murrizteaz gain, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak jasotzen ditu.

Bi urteko negoziazioen eta 14 greba egunen ostean, ELAk greba amaitzeko akordioa lortu du Versia Contact Centerren. Akordioa Bizkaian enpresak dituen hiru lantokietan (Elorrio, Trapaga eta Amurrio) aplikatuko da, eta 150 langile ingururi eragingo die. Enpresak Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeentzat eta erreferentziazko enpresentzat azpikontratatutako zerbitzuak eskaintzen ditu.

Akordioan jasotako hobekuntza nagusien artean, urteko lanaldia 60 orduz murriztea nabarmentzen da. Orain arte aplikatzen zitzaien estatuko hitzarmenak ezarritako 1.764 orduetatik 1.704 ordura igaroko dira.

Horrez gain, akordioak KPIaren gainetik dauden soldata igoerak jasotzen ditu indarraldiaren urte guztietarako, baita soldata tauletan jasotako gutxieneko soldata bat ezartzea ere. Era berean, lanbide garapeneko osagarri bat sortuko da; enpresan emandako bost urteko aldi bakoitzeko, urtean 500 euro jasoko dituzte langileek. Neurri horiek guztiak benetan aplikatuko direla bermatzeko klausula bat ere jaso da akordioan.

ELAren ustez, hobekuntza horiek are balio handiagoa dute negoziazioaren bilakaera kontuan hartuta. Prozesuan zehar, enpresak prekaritate egoerak mantentzearen alde egin du, soldatak estatuko hitzarmenei eta lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta mantenduz. Gainera, banakako akordioak lortzen saiatu da, langileen batasuna hausteko helburuarekin.