ELAk uztailaren 14an manifestazioa deitu du salatzeko 
Mercadonak bere langileen osasuna kaltetzen duela

2020/07/13
Mercadonak beren eskubideak defenditzen dituzten langileak zigortzen dituela salatzeko, ELAk manifestazioa deitu du uztailaren 14an. Mobilizazioa goizeko 11etan hasiko da Bilboko Jesusen Bihotzeko plazan, eta San Mamesen amaituko da.

Elikagaien merkataritzako enpresa hau Hego Euskal Herrira duela sei urte inguru iritsi zen, eta ordutik hona egundoko etekinak bildu ditu. Enpresak kanpora “Familia Handia”ren irudia saldu nahi du, non jokabide egokiak nagusi diren. Haatik, errealitateak ez dauka zerikusirik horrekin.

ELAk salatu du zuzendaritzak eragin eta bultzatu egiten dituela langileen eskubideen kontrako erasoak eta praktika antisindikalak. “Argi esan dezakegu Mercadonak sistemaz tratu txarra ematen diela bere langileei, oinarrizko eskubideak urratzen baititu, esaterako osasuna izatekoa, bere zerbitzu medikuaren kontrol zorrotzaren bidez; aldi baterako ezintasunean dauden beharginek jazarpena pairatzen dute. Enpresa honetako hainbat langile gaztek, bertan sei urtez lan eginda, lesio fisiko larriak dituzte, sektoreko beste kate batzutan ez bezala. Ezartzen zaizkien lan-erritmo eta txandak onartezinak dira, eta lana bateraezina gertatzen da bizitza pertsonalarekin”.

Mercadonaren jarrera osasuna galdu duten langileekiko jazarpena eta presioa da, harik eta hauek alde egin arte. “Presio psikologikoa etengabea da, eta enpresaren estrategia hortan datza. Gainera, Mercadonak errukirik gabe erasotzen die beren eskubideak eta lantaldearenak defenditzen ausartzen direnei”. ELAk behin baino gehiagotan eraman du enpresa auzitara honegatik, eta hainbat epaitan egiaztatzen da Mercadonak askatasun sindikala eta pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

Enpresan bizi izan den azken gertakaria jauzi kualitatiboa da: bajan zegoen langile bat kaleratu egin du auzibidean bere eskubidea defenditu duelako. Areago, enpresak berak langilea salatu egin du froga bat aurkeztu duelako, zeina epaileak eskatuagatik Mercadonak ez zuen aurkeztu nahi. Beharginaren kontrako salaketa penala da, eta kasuarekin lotutako agiriak ustez ezagutaraztea leporatzen dio; bere eskubidea defenditzen ari den langilearentzat urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra eskatu du. “Salaketa honen xedea argia da, langilea beldurtzea kalteordain kaskar baten truke enpresatik alde egin dezan. Honelako jazarpenek ez dute Familia Handi batekin zerikusirik; areago dirudite jokabide mafiosoak”.

ELA mobilizatu egingo da Mercadona salatzeko, bere lan harremanetako ereduaren oinarriak lantaldearekiko tratu txarra eta oinarrizko eskubideen urraketa diren artean. Halaber, dei egiten die ELAko afiliatuei eta herritarrei beraien kontsumoa arduratsua izan dadin eta langile-klasearen eskubideak urratuz aberasten lagun ez dezaten.