GIPUZKOAKO HONDARTZETAKO SOROSLEAK

Elkarretaratzea Diputazioaren aurrean hitzarmen propioaren alde

2024/05/16
Titularitate publikoko kiroldegietako hitzarmeneko lan baldintzen ekiparazioa eskatzen du ELAK, eta Diputazioari bere egin dezala kudeaketa integrala

Maiatzaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean kontzentrazioa egin dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek, ELAk deituta (sektoreko %85,71 ordezkaritza du). Hitzarmen propioa nahi dute euren lan baldintzak parekatzeko Gipuzkoako beste titularitate publikoko kirol instalazioetako langileekin, eta Diputazioari eskatu diote kudeaketa osoa bere gain har dezala.

Gipuzkoako kostako 8 udalerrik dituzte hondartzak, Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino. Udaro 200 pertsona inguruk jarduten dute sorosle gisa, eta zerbitzu hori BPXport, Gurutze Gorria eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dute.

2023ko irailean lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera sortu, eta abian jarri zen mahai negoziatzailea. ELAk hasieratik defendatu zuen Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzen ekiparazioa, negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena. Izan ere, egun 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldatetan. Lanaldiari dagokionez, astean 39 orduko lan jarduna dute, eta ELAk 35ekoa izan dadila eskatzen du.

Horretaz gain, kudeaketa Udalek beharrean Diputazioak bere gain hartzea ezinbestekoa da hondartzetako zerbitzua guztietan baldintza beretan eskaintzeko, Bizkaian egiten den gisan.

2023ko abenduaren 13an Gipuzkoako Batzar nagusietako osoko bilkuran proposamen hori bozkatu eta gehiengoz onartu zen arren, Diputazioak ez du martxan jarri, eta zortzi hilabeteren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dute langileek. Horregatik erabaki dute mobilizazioekin hastea.