DONOSTIA OSPITALEKO GARBIKUNTZA (OPTIMA)

Epaitegiek arrazoia eman diote ELAri eta enpresa zigortu dute askatasun sindikala urratzeagatik

2024/11/22
ELAk demanda jarri zuen Donostia Ospitaleko garbiketaz arduratzen den Optima enpresaren aurka, gutxieneko langileak ezartzen dituen plantillen akordioa ez aplikatzeagatik. Epaitegiak ELAri 40.000 euroko kalte ordaina ematera zigortu du enpresa.

Donostiako Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak Donostia Ospitaleko garbiketa kudeatzen duen Optima enpresa zigortu du, lan kargak arautzen dituen plantilla akordioa ez betetzeagatik (zentro horretan egon behar duten pertsonen gutxieneko kopurua zehazten du akordioak, eta nahitaez aplikatu behar da, Hitzarmenean hala jasotzen delako). Akordio hori 2017an sinatu zen, eta enpresak berretsi zuen, adiskidetze judizial baten bidez, 2022an. Enpresak aldebakarrez ez aplikatzea erabaki zuen 2024ko urtarrilean, eta ELAk salaketa jarri zuen gertaera horren aurrean. Orain, epaitegiek arrazoia eman diote ELAri.

2024ko azaroaren 20an emandako epaiak ezartzen du frogatuta dagoela enpresak ez duela plantillen akordioa betetzen. Ildo horretan, enpresa behartzen du plantillen akordioa aplikatzera, eta 40.000 euroko kalte-ordaina ezartzen dio ELAri, jarrera horrek askatasun sindikalerako eskubidea urratzen duela argudiatuz.