ALCAMPO

Epaitegiek behartu dute Gipuzkoako elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatzera

Epaitegiek behartu dute Gipuzkoako elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatzera
ELAk jarritako demandari arrazoia eman eta epaiak onartu du Estatuko hitzarmenak okertu egiten dituela lurraldeko 45 langileren baldintzak.

ELAk irabazi egin du Alcampo SAren aurka langileek aurkeztutako demanda kolektiboa, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak enpresa behartzen du Gipuzkoako Elikagaien Industria eta Merkataritzako Hitzarmena aplikatzera lurraldeko supermerkatuetan.

Ebazpenak ezartzen duenez, Gipuzkoako dendetan kontratatutako 45 langile ingururi aplikatu beharreko hitzarmenak probintziakoa izan behar du, eta ez Biltegi Handien Estatuko Hitzarmena, enpresak 2023an establezimenduak ireki zituenetik aplikatzen zuena.

Epaiak jasotzen duenez, soldata eta lanaldia bezalako funtsezko gaietan, Estatuko hitzarmenak baldintzak okertzen ditu. Hori dela eta, auzitegiak erabaki du lurralde-hitzarmena aplikatu behar dela, lantoki horietan garatzen den jarduerari dagokiona dela iritzita.

ELAk positibotzat jo du epai judiziala, uste baitu probintziako negoziazio kolektiboa indartzen duela eta mugatu egiten duela enpresek "lan-baldintzak okertzearen kontura lan-kostuak murrizten dituzten" Estatuko hitzarmenak ezartzeko aukera.