Erabateko jarraipena izan du Gipuzkoako Avanza garraio-zerbitzuan segurtasun handiagoa eskatzeko lanuzteak

2021/10/22
Avanza Movilidad Gipuzkoako autobusen langileen % 100ek bat egin dute gidarien aurkako etengabeko erasoak salatzeko 6:00etatik 8:00etara deitutako lanuzte berriekin. Jaietako zerbitzuak indartzeko eta gaueko txandetan zein goizeko lehen txandetan segurtasun pribatua kontratatzeko eskatu diote zuzendaritzari. Avanzako enpresa batzordeak ziurtatu du egoera larriagotu egin dela pandemian, eta kezkatuta agertu da behin murrizketak alde batera utzita, gaueko txandak are arriskutsuagoak izango direlako. Enpresa batzordeak inplikazioa eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, lurraldeko autobus-zerbitzuaren arduraduna den heinean. 18:00etatik 20:00etara ere lanuzteak egingo dituzte.

Gogorarazi duenez, enpresak ez du segurtasun pribatua jarri nahi, kostu onartezina izango zela argudiatuta. "Etekinak langileen segurtasunaren gainetik jartzen ari da", deitoratu du.

Langileek ziurtatu dute mobilizazioekin jarraituko dutela lanpostuetan beren osotasuna bermatu arte.