Eskola jantokien grebak jarraipen zabala izan du, Hezkuntza Sailak trabak jarri baditu ere

Noemi Etxebarriak, sektoreko ELAko arduradunak, azpikontrata horietako langileak erakusten ari diren indarra azpimarratu du. Indar hori grebaren jarraipenean eta eguerdian Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioetan egiaztatu ahal izan da, ehunka langilek parte hartu baitute.
Noemi Etxebarriaren iritziz, indar horrek mugitzera eta langileekin biltzera bultzatu du Hezkuntza Saila. Hala ere, lehen greba egunaren bezperan egindako bileraren irakurketa negatiboa egin du. "Administrazio Publikoan iluntasun handia ikusten dugu. Harrera egin ziguten, baina ez zituzten entzun gure aldarrikapenak, ez zuten konpromisorik hartu gure helburuak lortzeko balioko zuen inolako neurririk hartzeko: segurtasuna bermatzea; enpleguari eta lan-baldintzei eustea, ratioak jaitsita eta lan-karga handirik gabe; zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak".
Azkenik, Hezkuntza Sailak eta enpresek greba bertan behera uzteko egindako ahaleginak salatu ditu ELAk. Lehenengoa, agindutako zerbitzu minimoekin. Eta bigarrenak, office-ko langileen % 100a nahitaez lanpostura deituz.