Espainia mailako hitzarmenak 8.000 inguruko soldata galerak ekarriko ditu ostalaritza alorrean

2017/11/03
Joan den asteartean, hilak 30, jakinarazi ziguten CCOO eta UGTk EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren aurka sartu zuten demandari buruzko epaia. Hostalaritzako akordio markoaren aurkako demandarekin, epaia dela eta, CCOOk eta UGTk lortu dute enpresek kontratatzen duten langile berriei urteko 10.747 euro ordaintzea, 1.800 ordu lan eginda; beraz, soldatetan galerak 8.000 eta 7.000 euro dira, lurraldearen arabera.

ELA eta LABen Agiria:

Joan den asteartean, hilak 30, jakinarazi ziguten CCOO eta UGTk EAEko Ostalaritzako Akordio Markoaren aurka sartu zuten demandari buruzko epaia.

Auzitara jo zutenek bi asmo zituzten, epaileek Akordio Markoa indargabetzea eta nulutzat jotzea. Modu subsidiarioan eskatzen zuten Akordio Markoaren eraginak ez zitezela aplikatu.

Epaiak honakoa ebazten du:

EAEko Ostalaritzako Akordio Markoa ez dela nulua, negoziatzeko eta sinatzeko legitimazioa dutenen artean gauzatu baitzen.

Epaiak akordioen arteko konkurrentzia gertatu dela dio, hots, EAEko akordioa ezin izango dela aplikatu estatukoa indarrean dagoen artean (2019ko abendura arte), hau lehenago negoziatu zutelako; haatik, estatuko akordioa iraungitzen denean EAEkoak bere eragin guztia izango duela.

Epe laburreko ondorioak:

* Akordio markoaren aurkako demandarekin, epaia dela eta, CCOOk eta UGTk lortu dute enpresek kontratatzen duten langile berriei urteko 10.747 euro ordaintzea, 1.800 ordu lan eginda; beraz, soldatetan galerak 8.000 eta 7.000 euro dira, lurraldearen arabera (hitzarmeneko soldata 19.537 euro dira Araban, 18.588 euro Bizkaian eta 17.427 Gipuzkoan). Kontutan izan behar da aldea handiagoa dela orduko prezioan, izan ere, lurraldearen arabera 50 eta 77 ordu gehiago sartuko bailituzkete.

Gainera, lehenagotik kontratatuta dauden langileek galerak izango lituzkete: eskubideak, antzinatasunari dagozkion zenbatekoak, baja osagarriak...

* Gaur egun sektore honetako EAEko enpresa handiek ostalaritzako hitzarmen probintzialak ari dira aplikatzen. Soilik Espainia mailako hiru enpresak, Eurest, Sodexho eta Seruniónek, ez dituzte hitzarmen horiek aplikatzen. Egoera honek dumping egoera bat sortuko du enpresen artean, lehiaketa ez baita garbia hainbat arlotako kudeaketa lortzerakoan: erietxeetako eta sare pribatuko eskoletako jantokiak, enpresetako jantokiak, zahar etxeetakoak, etab.

CCOO eta UGTren inkongruentziak eta gezurrak

* CCOOk gezurra esan zuen Berria egunkarian emandako elkarrizketa batean, orduan ziurtatu baitzuen ez zutela EAEko ostalaritzako akordio markoaren aurka joko. Elkarrizketa argitaratu eta hiru egunetara demanda sartu zuten EAEko Goi-Auzitegian.

* UGTk eta CCOOk esaten dute EAEko Akordio Markoak ez duela soldata-taularik jaso. Inongo akordio markok (ez merkataritzan, ezta ostalaritzan ere) ez du halakorik jasotzen. Akordio markoek negoziazioaren egitura finkatzen dute, hau da, gai bakoitza zein eremutan negozia daitekeen; edukiak, eta hau ondo dakite, hitzarmen probintzialetan negoziatzen dira.

EAEko Akordio Markoak (lanbidearteko akordioak bezalaxe) dio bere lurralde-eremuan hitzarmen probintzialak aplikatzen jarraituko dela, eta harago doa: esaten du goian aipatutako jantokien eremuan hitzarmen probintzialak aplikatuko direla baita iraungita badaude ere; ez dena aplikatuko da CCOOk eta UGTk sinatutako hitzarmen miserablea; testu luze honen mamia da enpresek liberatuak ordainduko dizkietela sindikatu horiei. Honek zer esan nahi du? Langileen baldintzak saltzen dituzte, enpresen diruaz beren egitura sindikala finantzatzearen truke. Ezin da argiago esan. Haatik, akordio hau espainiar patronalarentzat merkea da: langileko 9.000 euro gutxiago (gehi kotizazio sozialak), liberatu batzuk ordaintzearen truke.

* CCOOk eta UGTk esaten dute ELAk eta LABek negoziazioa blokeatzen dugula. Hau ere gezurra da. Bizkaian ostalaritzako hitzarmena indarrean dago aurtengo abendura arte, eta datorren urterako mahaia osatu berria da. Araban, berriz, ostalaritzan gehiengoa UGTk eta CCOOk dute. ELA eta LAB nagusi diren lurralde bakarrean dago hitzarmena iraungita, Gipuzkoan.

* Iraingarria da esatea sukaldaritzako hitzarmenik gabe ez litzatekeela soldata igoerarik emango.

Batetik, Bizkaian igoerak sukaldaritzako hitzarmenekoak baino hobeak izan direlako.

Bigarrenik, Araban berritu gabe dagoelako (baina berriro diogu: gehiengoa CCOOk eta UGTk dute), baina 19.537 euro jasotzen dituzten taulak aplikatzen dira, ez 10.747 eurokoak, eta Gipuzkoan, 17.427 eurokoak).

Kontua ez da oraindik amaitu:

* ELAk eta LABek epaiaren aurkako helegitea sartuko dugu Ostalaritzako Akordio Markoa eta Lanbidearteko Akordioa defenditzeko.

* ELAk eta LABek exijitzen diegu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Osasun sailari ez diezaietela zerbitzurik eman Eurest, Sodexho eta Serunión enpresei. Enpresa hauek lizitazioan parte hartu zutenean ostalaritzako hitzarmenaren kostuak aplikatu zituzten, baina orain estatuko sukaldaritzako hitzarmena ari dira aplikatzen, eta gainera diskriminatu egiten dituzte langileak, lan bera eginagatik. Salatu behar dugu langileentzako izan beharko lukeen diru publikoaren zati bat enpresen poltsikora doala zuzenean.

* ELAk eta LABek mobilizazioak egingo ditugu enpresa horien aurrean, eta ez dugu inolako ekintzarik baztertuko, betiere zor zaigun jarduera sindikaleko eskubideen barnean.

* ELAren eta LABen iritziz oso tristea da CCOO eta UGTrentzat pozgarria izatea eta garaipen gisa ospatzea milaka langileren lan-baldintzak prekarizatzeko erabakia.