Espainiar patronalak ez du nahi hitzarmenak hemen negoziatzea

Tramiteko urrats bat besterik ez da bilera euskal hitzarmenak Espainiakoen aurretik jartzeko akordioa judizializatzeko bidean; izan ere, kontziliazio saio bat egitera behartuta daude aldeko eta kontrakoak.
Demanda sartuta, FEADRSek bi helburu lortu nahi ditu: Batetik, EAEko Sukaldaritza Kolektiboaren sektorean nagusi diren sindikatuen negoziazio kolektiborako eskubidea galarazi (ordezkaritza sindikalaren %80tik gora duten arren), eta bestetik, EAEko patronalaren eta ordezkaritza gehieneko sindikatuek sinatu zuten Lanbidearteko Akordioa zalantzan jartzea. Bestalde, FEADRSek eta bere kideek (Eurest Colectividades, Auzolan, Serunión, Sodexo eta Aramark, besteak beste) sektoreko langileei estatuko hitzarmeneko baldintza kaskarrak ezarri nahi dizkiete: esaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hitzarmenetan jasotakoa baino soldata %50 apalagoak eta lanaldi luzeagoak.
FEADRSek lehenago ere, 2018. urtean, Lanbidearteko Akordioaren aurka jo zuen asmo berberarekin. Baina demanda hura azkenean erretiratu egin zuen, ELAk eragindako presioari eta patronala osatzen duten enpresetan egitekoa zen greba deialdiari esker.
ELAren esanetan, era honetako enpresa esklabistek ez lukete lekurik izan behar hemen. Pello Igeregi, negoziazio kolektiboko arduradunaren hitzetan “Eusko Jaurlaritzak eten egin beharko lituzke patronal honetako enpresekin dituzten harremanak; izan ere negozioaren zatirik handiena administrazio publikoan dute”. “Era honetako patronal ultra eta esplotatzaileak dute lekurik hemen”, gaineratu du.