CECOSA (EROSKI)

Esplotazioaren aurkako antolakuntza, borroka eta garaipena Eroskin

2024/02/13
ELAk % 22,94rainoko soldata igoerak lortu ditu Cecosan –Eroskiren biltegia Elorrion– 2025erako

‘Tokiko aberastasunaren aldeko apustua egiten dugu’; ‘Hemengoa kontsumitzea gustatzen zaigu’; ‘Tokiko ekonomia bultzatu nahi dugu’. ‘Ona da hemengoa izatea’... Eslogan horiek guztiak Eroskiren webgunetik aterata daude. Hala ere, hurrengoak erakusten duen bezala, errealitatearekin bat ez datozen esaldi hutsalen aurrean gaude.

Has gaitezen. CECOSA Eroskirentzat lan egiten duen enpresa da. Elorrioko biltegian produktu ez-freskoak gordetzen dira, eta gero Eroskiren saltokietan banatzen dira. Bai, Eroskiren biltegiaz ari gara. Elorrioko lantegian bi motatako langileak daude. Alde batetik, Eroskiko kooperatibistak; bestetik, CECOSAk zuzenean kontratatutako langileak.

Teorian elkarrekin lan egiten bazuten ere, orain arte egoera oso desberdina zen. CECOSAko langileek askoz baldintza txarragoak zeuzkaten eta fisikoki gogorragoak ziren lanak egiten zituzten. Saltoki Handien Estatuko Hitzarmena aplikatzen zitzaien. Hitzarmen hori, Eroskik zer gustatzen zaion esaten duenean ez bezala, ez ‘hemengoa’ da, ez ‘tokikoa’, ez ‘ona’, eta ez du ‘aberastasunik’ sortzen langileentzat. Miseriazko hitzarmena, estatu-hitzarmenak diren bezala. Beren egoeraz nazkatuta, antolatzen hasi ziren. 2023ko ekainean hauteskunde sindikalak egin ziren, eta ELAk gehiengo zabala lortu zuen (9 ordezkaritik 6).

Plantilla arrazializatua, lan ankerra

Modu sindikalean antolatu ondoren, langileak urratsak ematen hasi ziren lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Janire Ornés, ELA-Zerbitzuak-eko arduraduna, CECOSAko langileen borrokaz mintzatu da. “Plantilla erabat arrazializatua eta maskulinoa da; CECOSAn lan egiten duten 130 pertsonetatik 4 baino ez dira emakumeak”.

Eroskiko kooperatibistekin batera lan egin eta, teorian, zamalanetako funtzio berberak egiten zituzten pertsonak. Beno, esandakoa, teorian. “Kooperatibistek manipulatzen ez zituzten hiru produktu manipulatzen zituzten: pentsuak, ura eta garbikariak. Hau da, gehien pisatzen duten produktuak beraiek bakarrik manipulatzen zituzten. Lan zikina egiten zuten. Zergatik kargatuko zuen kooperatibista batek pisuarekin, horretarako CECOSAkoak bazeuden? galdetzen du ironikoki Janire Ornesek.

“Enpresa Batzordea eratu zenean –jarraitu du–, plantilla bere aldarrikapenak planteatzen hasi zen zuzendaritzari, batez ere laneko osasunarekin eta gogortasun fisikoarekin lotutakoak. Enpresa aitzakiak bilatzen hasi zen. Ez zuten erantzuten, abenduan bilera bat eman ziguten arte. Bilera horretan urtarrilean hitz egitea proposatu ziguten. Noski, abendua salmenta handiko garaia da, hilabete giltzarria haientzat, Gabonetako kanpaina dela eta. Ezin genuen aukera hori pasatzen utzi, eta horregatik abenduan astebeteko greba deitu genuen, 11tik 16ra. Deialdiak eta grebak langileen ia aho bateko babesa izan zuten”.

Aldarrikapen horiek, gai ekonomikoaz gain, laneko osasunarekin lotuta zeuden. “Gai ekonomikoa, jakina, oso garrantzitsua zen, baina ez zen diru arazoa bakarrik. CECOSAko langileek beti nabarmentzen zituzten maila fisikoan egiten zuten lanaren gogortasunarekin erlazionatutako alderdiak enpresarekin negoziatzeko lehentasun gisa. Adibidez, ogitartekoaren 20 minutuak benetako lanalditzat hartzea zen planteamendu nagusietakoa. Edo, adibidez, kargen manipulazioarekin erlazionatutako gaiak ere bazeuden. Karga guztiak fisikoki egiten zituzten, inolako makinarik erabili gabe. Oso lan gogorra zen maila fisikoan”.

Greba-deialdi berria… eta akordioa

Greba aste arrakastatsuaren ondoren, enpresak plantillaren eskaerei jaramonik egin gabe jarraitzen zuen, eta, beraz, greba-deialdia abenduan beste deialdi batekin luzatu zen, kasu honetan 20tik 25era. Astebeteko greba hori ez zen egin, deialdiaren bezperan akordioa lortu zelako.

Janire Ornések oso positibotzat jo du akordioa. “Akordioa bi urterako da, 2024rako eta 2025erako. Soldata mailan igoera handia da; 2025ean soldata 22.618,37 eurokoa izango da, hau da, % 22,94ko igoera. Gainera, CECOSAk antzinatasuna aitortuko du eta kontzeptu horri dagozkion zenbatekoak ordainduko ditu. Horrek, urtean 255,79 eta 481,77 euro arteko antzinatasuna sorraraziko du, enpresan sartu izandako dataren arabera”.

Baina, oso garrantzitsuak izanik, soldatekin erlazionatutako hobekuntzak ez dira adostutako neurri garrantzitsu bakarrak. “Lan-baldintzak ankerrak ziren maila fisikoan. Laneko osasunarekin erlazionatuta adostutako gaiak ere oso garrantzitsuak dira. Lanaldia urteko 1.770 ordutatik 1.700 ordura murriztuko da. Gainera, biltegiratze-lanak dakarren esfortzu fisikoa murrizteko beharrezkoak diren baliabide mekanikoak ezartzea erabaki da”.

Akordio hau CECOSAn borrokan jarraitzeko eta baldintzak hobetzeko lehen urratsa da. “Gure jendea oso pozik dago. Euren borroka eta kohesioari esker astebeteko grebarekin asko lortu dutela baloratu dute. Hau hasiera besterik ez da. Bi urte barru berriro elkartu beharko gara hitzarmen berria negoziatzeko, eta enpresak badaki nor garen eta ez garela ahoberokerietan arituko. Badakite plantilla batuta, antolatuta eta borrokarako gogoz dagoela. Eta badakite, halaber, langileek ELA bezalako sindikatu baten babesa dutela”.