EHLABE ENPLEGUZENTRO BEREZIA (DONOSTIA)
Euskal gehiengo sindikalak salatu du negoziazioa blokeatuta dagoela

ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, ESK-k eta USOk hiru bilera egin dituzte orain arte EAEko Enplegu Zentro Berezietako (EZB) patronalarekin, sektorearen benetako beharrei erantzungo dien akordio autonomiko baterantz aurrera egiteko.
Hala ere, bilera horietan guztietan, patronalak uko egin dio benetako negoziazioari ekiteko aukerari ere. Sektoreko enpresak entzungor azaldu dira; ez dute kolektibo horrekiko konpromisorik adierazi, eta ez dira arduratzen gure lurraldeko lantokietan dituzten baldintzak ezagutzeaz eta hobetzeaz.
Ezinbestekoa da sektoreko hitzarmen autonomiko bat eratzea, gure lurraldearen errealitatera egokituko dena, eta EAEko enplegu-zentro berezietako lan-baldintzak hobetuko dituena.
Horregatik, sindikatu sinatzaileek azpimarratu dute premiazkoa dela patronalak eta administrazio publikoek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, "erantzukizuna beren gain hartzea eta EAEra egokitutako akordio propio bat negoziatzera esertzea, zentro horietako lan-baldintzak duinduko dituena".
Hala, elkarretaratzea egin dute gaur uztailak 15 ,asteartea, Donostian, EHLABE-ko egoitzaren aurrean, 11:00-tan, "ez dugulako isiltasuna erantzun gisa onartuko. Irtenbide zehatzak eskatzen ditugu egiturazko prekarietate eta diskriminazio egoera baten aurrean. Beste urrats bat egingo dugu, mobilizatuz, historikoki ikusezina izan den kolektibo batekiko benetako konpromisoa eskatzeko. EAEko errealitatearekin bat datorren akordioa nahi dugu".