GIPUZKOAKO ANBULANTZIAK

Jaurlaritzak aldebakarrez erabaki du zerbitzua publifikatzea eta langileak kaleratzea

Jaurlaritzak aldebakarrez erabaki du zerbitzua publifikatzea eta langileak kaleratzea
ELA publikazioaren alde dago, baina, betiere, orain arte zerbitzuak eskaini duen plantillaren subrogazioaren bidez egiten bada.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak urtarrilaren 7tik aurrera Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua publifikatzea erabaki du, zerbitzua ematen ari ziren langile guztiak kaleratuz. Orain arte, zerbitzu hori azpikontratatuta zegoen eta Ambulancias Gipuzkoa enpresak kudeatzen zuen, Tolosako eta Elgoibarko larrialdietako anbulantziekin. 36 pertsonak egiten dute lan bertan, besteak beste, medikuek, erizainek eta garraio sanitarioko teknikariek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua publifikatu nahi du, baina orain arte bertan zeuden langileak subrogatu gabe. ELA publikazioaren alde dago, baina, betiere, orain arte zerbitzuak eskaini duten langileak bilakatuko badira zerbitzu publikoaren plantillaren parte.

Aspalditik, ELAk (3 ordezkari) informazioa eskatu die inplikatutako aldeei, Osakidetzako Larrialdiei eta Gipuzkoako Anbulantziei. Sindikatuak salatu duenez, aldez aurretik abisatu gabe, eta gardentasunik gabe, publifikazio prozesua ixteko epeak egokitu dituzte zerbitzua eskaintzen zuten langileen kontura. Horrela, plaza horiek banatzen hasi dira, barne mugikortasuneko zerrendetan Tolosako eta Elgoibarko oinarriak sartuz. ELAk adierazi du ez dutela betetzen legea (Gaixoen eta Istripua izan dutenen Garraioari buruzko Euskadiko Hitzarmen Autonomikoaren 12. artikulua); izan ere, legeak dio titulartasuna edo zerbitzuaren kudeaketa aldatzen denean, enpleguari eta lan baldintzei eutsi behar zaiela, alegia, langileek euren lanpostua mantendu behar dutela.

Sindikatuaren ustez, "onartezina" da gizartearentzat funtsezkoa den zerbitzu bat, hau bezala, publiko egitea, orain arte bertan zeuden langileak kaleratuz.

Horregatik, ELAk honako hau eskatzen die Osakidetzako arduradunei:

  • Hitzarmen kolektiboan ezarritakoa betetzea.

  • Langile guztiak subrogatuko direla bermatzea.

Bere helburuak lortu arte borrokan eta mobilizatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.