Eusko Jaurlaritzak erabaki du supermerkatuetako kutxazainak txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo uztea

ELAk Eusko Jaurlaritzaren enegarren norabide-aldaketa hau salatu nahi du, bai formagatik eta bai funtsagatik. Kolektibo hori hasiera batean 6. fasean sartu izanak bazuen izatezko arrazoi bat: langile hauek beren eguneroko jardunean duten etengabeko arriskua, hain zuzen. Agirikoa da egoera hori ez dela egun batetik bestera aldatu eta Kutxazainek lehen lerroan eta arriskuan jarraitzen dutela.
Formei dagokienez, bestalde, sektoreko langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela bere erabakia publiko egin nahi izan, baizik eta enpresei informazioa telefonoz eman diela. Bitxia da, izan ere, duela aste batzuk sektoreko enpresek Osasun Arloko Sailburuordeak sinatutako gutun ofizial bat jaso izana, supermerkatuetako kutxazainentzako txertaketa-kanpainaren hasieraren berri ematen zuena. Orduan bai, era publikoan eta sinaduraz egiteko arazorik ez zuen izan Eusko Jaurlaritzak.
Erabakia iluntasunez inguratuta dagoela ere salatu nahi dute sektoreko langileek; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren iturri, dokumentu edo protokolo ofizialek ez dute oraindik irizpide aldaketa hau jasotzen, eta Osalanen ez dago honi buruzko inolako informaziorik.
Funtsezko sektoreei emandako babesa ez da erakusten balkoietan, ezta prentsaurrekoetan ere. Egunerokotasunean frogatzen da, kolektibo horiek lan-baldintza duinak dituztela bermatuz, lan-osasuna eta segurtasuna zainduz eta langileek merezi duten errespetuarekin tratatuz.