Eusko Jaurlaritzak soldata arrakalan sakontzen du, Bilbon gaiari buruzko kongresu propagandistikoa antolatzen duen bitartean

2022/06/22
ELAk elkarretaratzea egin du Euskalduna Jauregiaren aurrean, Bilbon, eraikin eta lokaletako garbitzaileek pairatzen duten soldata arrakala salatzeko. Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak soldata arrakalari buruzko lehen Kongresua inauguratu du bertan; bitartean, kanpoan, ELAk kontzentrazioa egin du agerian uzteko Kongresua jarrera propagandistiko hutsa dela.

Izan ere, Jaurlaritza kanpainak egitera mugatzen da, egunero soldata arrakalarekin amaitzeko borrokatzen duten langileen lan baldintzetan benetako eraginik ez duten kanpainak egitera, hain zuzen ere. INEren 2019ko azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko soldata arrakala %25ekoa da ( %24,2 EAEn eta %28,8 Nafarroan). Bitartean, administrazio publikoek ez dute ezer egiten.

Sindikatuak gogorarazi du administrazioek beste aldera begiratzen dutela arrakalarekin amaitzeko egindako borroketan, besteak beste, Elorrioko garbitzaileen greban, Ermukoan, Guggenheim Museokoan, edota Bizkaiko Epaitegietako eta Bermeoko garbitzaileen greban.