Jaurlaritzak Bizkaiko Bulegoetako grebaren gutxieneko zerbitzuak ezarri nahi ditu greba batzordearekin bildu gabe

2018/12/06
CEBEk patronalak bere jarrera aldatu ezean, datorren abenduaren 12an Bizkaiko bulegoetako greba hasiko da. Kontuan hartu behar da grebarako eskubidea eta zerbitzu minimoak izateko eskubidea bateratzea bereziki konplexua dela sektore honetan, alegia, ondo ezagutu behar dela sektore hau gutxieneko zerbitzu egokiak ezartzeko. Izan ere, bulego eta langeletako lana kasu askotan ezezaguna bada ere, egunerokotasunean pertsona askok egiten dituzten lanekin estuki lotuta dago, hortaz, bereziki garrantzitsua da greba hasi aurretik batzordearekin biltzea gutxieneko zerbitzuak modu egokian ezartzeko. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du bildu nahi.

Ingenieritza eta aholkularitza enpresak, elkargo profesional edota administrazio-bulegoak... asko dira Bizkaiko Bulego eta Langeletako sektorearen baitan sartzen diren arloak eta profesionalak, baina, ezin dugu ahaztu egunerokoan bizimodu normala izateko aukera ematen diguten langileak ere badirela. Izan ere, hauei esker posible da metrora sartzea, kutxazain automatikoetatik dirua ateratzea, baina baita udaletan, Aldundian, Jaurlaritzan zein beste administrazioetan egiten den eguneroko jarduera gauzatzea ere, azpikontrata prekarioak medio. Sare informatikoa bertan behera geratzeak zer ekar lezakeen pentsatuz gero hasiko gara jabetzen zenbaterainoko garrantzia duen grebara deituta dauden langileen eginkizunak.

Horregatik, bateragarri izango badira greba eskubidea eta Lan eta Justizia sailak ezarriko dituen gutxieneko zerbitzuak, beharrezkoa da beste sektore batzutan baino ezagutza maila handiagoa.

Gure ustez Lan sailak prozesu hau ordena jakin batean egin beharko luke, goian aipatutako helburua posible izan dadin irizpide jakin batzuk jarraituz: Lehenik enpresei eskatu beharko lieke egin ditzatela gutxieneko zerbitzuen inguruko proposamen zehatzak; ondoren alde sozialak aztertuko lituzke, eta kontrako argudioak eman, behar izanez gero; azkenik, alde biak entzuteko bilera bat egin beharko litzateke. Honelako prozesurik ez badago, oinarrizko greba eskubidea berriz ere urratuta geratuko litzateke.

Haatik, Eusko Jaurlaritzak zer egin du? Idatzi batean esaten digu aurrez alegazioak egin ditzakegula, baina enpresen eskariak ezagutu gabe. Bilera bat eskatu eta ukatu egin digute. Garaiz gabiltza oraindik. Greba hasi arte sei egun ditugu. Gutxieneko zerbitzuen agindu ahalik zehatzena egiteko borondatea behar da, denen eskubideak aintzat hartzeko, baita oinarrizko greba eskubidea ere. Bestela beldur gara ez ote den gutxieneko zerbitzuen agindu orokor bat argitaratuko, zeina enpresek baliatuko duten greba eskubidea urratzeko; noski, auzitegietara joko dugu, eta epaileek arrazoia emango digute, baina beranduegi. Garaiz gabiltza hau gerta ez dadin.