GFAko garbitzaileek KPIri lotutako soldata igoera jasoko duen hitzarmena exijitu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaileek -EULEN enpresarekin azpikontratatutako zerbitzua- elkarretaratzea egin dute foru erakundearen aurrean, KPIari lotutako soldata igoera jasoko duen hitzarmena exijitzeko. Deialdia egin duten sindikatuek, ELAk, LABek eta ESK-k, gogorarazi dute 2021eko maiatzetik ari direla hitzarmen kolektiboa negoziatzen, baina EULENek uko egiten diola KPIarekiko lotura jasotzen duen inolako planteamendu ekonomikorik egiteari. Are gehiago, enpresak langileen soldata izoztu nahi du 2021erako. "Onartezina da pandemia betean, garbiketa funtsezko zerbitzua izan denean, patronalak soldata izoztea proposatzea".
Sindikatuentzat ezinbestekoa da soldata proposamen ekonomikoak KPIari lotuta egotea, langileek erosahalmena gal ez dezaten.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari -zerbitzuaren azken arduradunari- esku hartzeko eskatu diote. Izan ere, pleguak argitaratu berri dira eta "Administrazio publikoak erabaki behar du langileen interesak edo patronalen interesak zaindu nahi dituen". Bilera bat baino gehiago eskatu ondoren, azkenean otsailaren 14an egingo dute. Bertan, Aldundiari eskatuko diote pleguak preziorik baxuenean ez esleitzea, erabaki hori erakunde publikoari bakarrik dagokiolako.