GIPUZKOAKO AVANZA (LURRALDEBUS)
ELAk apirileko greba bertan behera utzi du, baina ohartarazi du gatazka ez dela amaitu

ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek bertan behera utzi dute Gipuzkoako Avanza autobusen (Lurraldebus) greba, apirilaren 16tik 22ra aurreikusita zegoena, enpresak legez kanpoko grebatzat hartzeko mehatxua egin ostean. Greba behar besteko aurrerapenarekin ezagutu ez izana alegatu du Avanzak, baina ELAk gezurtatu egin du, inpugnazio horren atzean langileak beldurtzeko eta grebari boikota egiteko asmoa baino ez dagoela azpimarratuta. Enpresa Batzordeko lehen sindikatuak dio enpresak bazekiela langileen asmoen berri, are gehiago, enpresak berak greba egunen berri eman ziela erabiltzaileei bere webgunean.
Nolanahi ere, azken unera arte greba horren legezkotasuna defendatu ondoren, eta LABek eta Aurrerak greba bertan behera uztea erabaki ondoren, ELAk erabaki berbera hartu du, langileen artean zatiketa eta nahasmendurik ez sortzeko.
ELA kezkatuta dago enpresaren jarrerarekin; izan ere, oso larritzat jotzen du negoziazioa geldirik egonda, plantillaren gehiegizko lanaldia hobetzeko proposamenik aurkeztu gabe, bere estrategia grebak boikotatzera mugatzea, oinarrizko eskubide bat urratuz. Era berean, ELAk ohartarazi du gatazka ez dela amaitu, eta deialdi berriak egingo direla. Are gehiago, greba mugagabearen aldekoa izango dela.