Gipuzkoako Ehungintzako langileek kontzentrazioa egin dute lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde

2022/04/13
ELAk deituta Gipuzkoako ehungintza merkataritzako langileek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren egoitzaren aurrean, patronalei lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak izango dituen hitzarmena eskatzeko, hala nola: urteko ordu jaitsiera, KPItik gorako soldata igoerak, sektorearen borondatezkoa ez den partzialtasunari aurre egitea, eta antzinatasunagatiko plusa jartzea sustapen aukerarik gabeko sektore batean.

2021eko irailaren 28an, Gipuzkoako ehungintzako merkataritza hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu zen. ELAk, % 85eko ordezkaritzarekin, hobekuntza ugari jasotzen dituen plataforma aurkeztu du, azken urteetan sektorean lan baldintzak okerrera egin baitute. Izan ere, hitzarmenetan aurrerapenik ez izateaz gain, digitalizazio prozesuen ondorioak jasaten ari dira; Gipuzkoan, 2020ko abendutik 2021eko abendura arte, kate handietako 8 denda itxi dira (COS, Stradivarius Irun eta Eibarren, Woman Secret Donostian eta Txingudin, Zara Home Garberan, Springfield Eibarren eta Massimo Dutti Urbilen), eta horrek 60 lanpostu suntsitzea ekarri du.

Ehungintzako merkataritzaren azken hitzarmena (2010-2018) Merkataritza Federazioa eta Adegi patronalek aurkaratu zuten, eta demanda horren ondorioz, hitzarmen hori eraginkortasun mugatukoa da, ezin izan zuelako egiaztatu sinatzailea zen Garen patronalak hitzarmena eraginkortasun orokorrekoa izateko beharrezko legezko ordezkaritza.

Horren ondorioz, sektoreko zenbait langileri 2006-2009ko hitzarmena aplikatzen zaie, eta orduz geroztik soldata izoztua dute, eta beste langile batzuei 2010-2018ko hitzarmena aplikatzen zaie. ELAk Donostiako eta inguruko merkataritza guneetako (Usurbil eta Irun) merkataritza aztertu du dendaz denda, eta sektorean guztira 2.262 langile baldin badaude, gutxi gorabehera 970 Donostian eta merkataritza zentroetan daude, eta eskualdeko 970 langile horietatik 734ri 2010-2018ko hitzarmena aplikatzen zaie, hau da, %75,67ri.

Merkataritza Federazioaren patronalak proposamena aurkeztu zuen martxoan, eta Adegi patronalak ere proposamen horrekin bat egin zuen. Bertan, 2010-2022 aldian erosahalmenaren % 9,6ko galera jasotzen da. Gainera, plataforman planteatutako hobekuntzetako bat bera ere ez da aurreikusten, eta baldintzetan atzerapenak jasotzen dira, inauterietako larunbat arratsaldeko jaieguna ezabatuz eta gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunaren osagarria aldatuz.

Sektoreko langileek argi dute lan baldintzak hobetzeko unea dela, eta ez dute onartzen erosahalmenaren galera handia eta baldintzen okertzea dakarren proposamena. Patronalak maiatzaren 4ko bilerarako proposamen berri bat aurkezteko konpromisoa hartu du.