Gipuzkoako garbikuntza alorrean soldata arrakala 6.000 eurotakoa da

2018/03/13
ELAk soldata arrakalaren aurrean urrats zehatzak emateko unea dela uste du. Aurten Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzan negoziazioa irekita dagoenez, dei egiten diegu administrazio eta patronalei sektoreko soldata arrakalarekin amaitzeko. ELAren ustez, soldata arrakalari buruzko eztabaida desitxuratzeko asmoz sortu dute martxoaren 20an bilduko den Elkarrizketa Sozialerako foroa. Soldata arrakalaren atzean dagoen eztabaida despolitizatzen saiatzen ari dira, horregatik ez dute lan esparru zehatzik ezartzen. Ildo beretik, berdintasunerako dei hutsalak egiten dituzte.

Soldata arrakala eman dadin bi faktore nagusi daude, zaintza lanek sortzen dituzten eraginak eta emakumeek egiten dituzten lanen balio txikiagoa. Arazoa ez dago diagnostikoan; arrakalari aurre egiteko neurri zehatzak behar ditugu.

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzako langileek, kale garbikuntzakoekiko 1.000 eta ia 6.000 euro arteko diferentziak dauzkate oinarrizko soldatan, lehenengo taldeko langileen kaltetan, kalean lan egiteak eragiten dituen lansari osagarriak alde batera utzita. Kale garbikuntzako langile gehienak gizonezkoak dira; eraikin eta lokaletakoak, berriz, emakumeak.

Eraikin eta lokaletako langile asko eta asko administrazioak emandako emakidetan edo CONFEBASKeko kide diren enpresetan lan egiten dute. ELAk dei egiten die administrazio eta patronalari soldata arrakala horrekin amaitzeko mahai bat osa dadin eta berriztu behar ditugun hitzarmen kolektibo guztietan soldata igoerak finantzatzeko dirua jar dezaten.

ELAren ustez, soldata arrakalari buruzko eztabaida desitxuratzeko asmoz sortu dute martxoaren 20an bilduko den Elkarrizketa Sozialerako foroa. Soldata arrakalaren atzean dagoen eztabaida despolitizatzen saiatzen ari dira, horregatik ez dute lan esparru zehatzik ezartzen, eta berdintasunerako dei hutsalak egiten dituzte.

Soldata arrakalaren aurrean dauden eragileek aukera paregabea dute urrats zehatzak emateko. Bizkaiko zahar-egoitzetan 370 greba egun egin behar izan genituen 1.200 eurotako soldata ziurtatzeko, administrazioek ez ziotelako zaintza lan horri zegokion balioa eman nahi. Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntzan aukera dute Martxoaren 8an zerbait ikasi zutela erakusteko, ez badute zentzu horretan ezer egiten greba horretan ezer ikasi ez zutenaren seinale izango da.