Glovoren langileak autonomo faltsuak dira

Epaiak ELAk eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak hasieratik defendatzen zutena berretsi du: Glovoren banatzaileak autonomo faltsuak direla eta, ondorioz, Glovoren eta haien arteko harremak lan-izaera duela.
Epai hau sektore honek pairatzen duen eta beste esparru batzuetara hedatzen ari den prekaritatearen aurkako urrats garrantzitsua da. Hemendik aurrera, banatzaile hauek lan-araudiaren mende egongo dira.
Gauzak horrela, eta plataforma horietarako banaketa-lanak egiten dituztenen langile izaera eztabaidaezina izanik, erronka da langile hauei babes-esparru berri bat ematea, Langileen Estatututik eta lanbide arteko gutxieneko soldataren aplikaziotik harago joango dena.
Ildo horretan, ELAk ekimen bat jarriko du martxan langile hauek ostalaritzako hitzarmen probintzialen aplikazio eremuan berariaz sartu daitezen, 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatuz.
Garrantzitsua da azpimarratzea ELAk jada bultzatu eta lortu duela lehen sektore mailako hitzarmen bat, elikadurako banaketaren sektorean.
Horrez gain, Glovoko langile horiek autonomo gisa ordaindutako kuotak eta BEZa itzultzeko prozedurak hasiko ditu ELAk, eta enpresak azken urteetan egin ez dituen kotizazioak erregularizatzeko ere exigituko da.
ELAk begi onez ikusten du Sententzia hau, berretsi egiten baitu aspaldian beste hainbat Epaitegik adierazitakoa. ELAk borrokarako bide sindikal eta juridikoak bilatuko ditu beti lan-merkatuaren liberalizazioaren aurka eta
langileen prekarizazioan eta esklabizazioan oinarritutako enpresa-ereduen aurka.